Gipuzkoa

Bihar hasten dira Beasaingo Loinatz Jaiak

Maiatzaren 10etik 19ra bitartean egingo dira jaietako ekintzak
loinatz jaiak
Bihar hasten dira Beasaingo Loinatz Jaiak
Escuchar
01:00

Beasaingo Loinatz jaiak bihar arratsaldean hasiko dira eta maiatzaren 19ra arte iraungo dute. 

Andramendi ikastolako haurrek eta Bareak elkarteak piztuko dute jaien hasierako suziria ostiralean arratsaldeko 18:00tan eta gauean Mariren jaitsiera izango da, Loinatz jaietako unerik liluragarriena, halaxe adierazi du Beasaingo alkateak, Leire Artola Ugaldek, Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusian.

"Ekintzarik jendetsuena da Beasainen eta gaueko 22:30etan izango da, une magikoa da"  edonon jarraitu ahal izango da zuzeneko emanaldian udalaren You Tubeko kanaletik.

Musika

Musikari dagokionez, Bulego talde azkoitiarrak bere azken lana aurkeztuko du maiatzaren 11an gauerdian eskainiko duen doako kontzertuan. Honen aurretik Pho Bo herriko taldea izango da eta egun bat lehenago Beasaingo Muxutruk erromeri taldea. Bost urte betetzen dira lehenengoz Beasainen jo zutenetik eta Mariri eskainitako abestia joko dute, aste honetan kaleratutakoa.

Bigarren ostiralean Puro Relajo taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan. Gainerakoan jaietako musika eskaintza talde hauekin osatuko da: Rockalean, Itzal erromeri taldea, Café irlandés, DJak, Oihan Vega, Dj Aitana Grandes eta UT! taldea. Hauez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako. 

Danborrada egunean haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Tartean, Peio Irizarrek anaiari eskainitako "Martintxo" izango da. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko. 

Euskal tradizioak lekua du egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, Xaibor-en ikuskizuna eta beste hainbat.

Alkateak segurtasunari buruz hitz egin digu,eta arduraz eta errespetuz jokatzeko eskaera luzatu du.

Zaratarik gabeko ordua

Haurrek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Andramendi ikastolakoek Bareak elkartearen laguntza izango dute elkartearen 20. urteurrena betetzen dela eta. Hala ere, aniztasun funtzionala duten haurrek jaiak goza ditzaten zaratarik gabeko ordua izango da, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin. 

Segurtasuna

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira eta puntu morea egongo da. 

Bestalde, kale garbiketa zerbitzua indartuko da eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Etxerako bidean doazenentzako zaintza lana egingo dute

2024-05-09T11:52:15+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo