Andoaingo Goikoplaza euskal produktuen erakusleiho bihurtuko da azaroaren 14an, Larramendi Bazkunak antolatutako Udazkeneko Azokaren eskutik. Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, eta hamabost bat postutan Euskal Herriko ekoizleen jakiak eta edariak erosteko aukera izango da: ardoa, garagardoa, gazta, olioa, barazkiak, kontserbak eta gozogintza, besteak beste.
Azoka berezia 11:00etatik 14:00etara izango da, baina jarduerak arratsaldera arte luzatuko dira. Goizean, 11:00etatik 13:30era, tren ibilaldia egingo dute Goikoplazatik abiatuta, herrian barrena. Ordu berean, 11:30ean, puzzle lehiaketa hasiko da. Parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena, ekintzako karteletan ageri den QR kodearen bidez zabaltzen den formularioa osatuz.
Bi adin-mailatan banatuko dute lehiaketa: 12 eta 15 urte arteko gazteena eta 16 urtetik gorako helduena. Maila bakoitzean hamar lagunentzako lekua egongo da, eta bakarka edo bikoteka eman ahal izango da izena. Puzzlea osatzeko gehienez bi ordu izango dituzte parte-hartzaileek. Izen-emateak bost euro balioko du gazteen kasuan, eta hamar euro helduen kasuan.
Sariak ere izango dira bi mailetako irabazleentzat. Gazteek garaikurra eta Salkin dendetan erabiltzeko 100 euroko bi bono jasoko dituzte; helduen mailako irabazleek, berriz, garaikurra eta 200 euroko bi bono. Antolatzaileek parte-hartzaileei proba hasi baino 15 minutu lehenago bertan egoteko eskatu diete.
Paella, bingo musikatu eta erromeria
Azokako jarduerak bazkariaren bueltan jarraituko du. 14:30ean paella bazkaria egingo dute, eta aukera beganoa ere eskainiko dute. Tiketak Ernaitza, Delgado eta Elizondo tabernetan daude salgai. Postrerako, Arrutik egindako kremazko enborra aukeratu ahal izango da.
Arratsaldean, 16:30ean, toka txapelketa egingo dute. 17:00etan, berriz, Yogurinha Borovaren eskutik bingo musikatuaren txanda izango da. Egunari amaiera emateko, 18:30ean Auskalo erromeria taldeak girotuko du Goikoplaza.
Horrez gain, goizean eta arratsaldean saski ederrak zozkatuko dituzte. Horrela, Larramendi Bazkunak egun osoko egitaraua prestatu du, bertako eta Euskal Herriko ekoizleen lana ezagutarazteko eta herritarrak Goikoplazan elkartzeko.
Euskal ekoizleen eskaintza
Azokak tokiko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera eskainiko du. Ardoa izango da eskaintzaren osagai nagusietako bat. Nafarroako hainbat upategi izango dira Goikoplazan: Irunberriko Bodegas Azpea upategi familiar eta ekologikoa; Bargotako Biurko Gorri, Errioxako Jatorri Deituraren barruan ardo ekologikoak ekoizten dituena; Bardeetako inguruan kokatutako Bardea Etxaldea; eta Arizkunen sortutako Baztango Xurie ardo zuri ekologiko eta naturalaren proiektua. Arabatik, berriz, Garcia Huizi upategia bertaratuko da, mahatsezainen laugarren belaunaldiko familia baten eskutik.
Artisau-garagardoak ere izango du lekua azokan. Karom markako edaria dastatzeko aukera izango da, Iker Etxebesteren eskutik, baita Goierriko Basabe Garagardoak kooperatibaren, Gasteizko Scimmia proiektuaren eta Zumaiako Brewery Land garagardotegiaren produktuak ere.
Gaztaren atalean, Nafarroako Uztegi herriko Antsonea ardi-gaztagileak eta Olaberriko Etxeberri Goikoa baserriko Behieko ekoizleak hartuko dute parte. Gozogintzan, Lapurdiko Uztaritzeko Arrastia Gâteaux Basques izango da, etxeko euskal pastel eta gozo tradizionalekin.
Olioa, barazkiak eta kontserbak ere erosi ahal izango dira. Bardea Etxaldekoek ardoaz gain arbequina olio ekologikoa eta almendrak ekarriko dituzte; Artiedako Gukalde ekoizle agroekologikoak marmeladak eta barazki-kontserbak; eta Iurretako Bejondeizula barazkiak proiektuak barazkiak eta kremak.