Gipuzkoa

Bi bisita gidatu egingo dituzte Zumarraga goialdeko auzoan

Lehenengo bisita maiatzaren 20an izango da, 18.00etan, eta bigarrena irailaren 27an
Auzoa, industrializazio garaian. / Zumarragako Udala

Zumarragako Udalak, Gizarte Zerbitzuen bidez eta udal artxiboaren laguntzarekin, Mendizabal auzoan bi bisita gidatu antolatu ditu Tau Taupadak programaren barruan. Helburua herritarrei auzoaren historia eta bilakaera soziala gerturatzea da, 1930etik gaur egunera arte. Mendizabal auzoa industrializazioaren hasieratik gaurdaino bilakaera handiena izan duen herriko auzoa da.

Ekimena maiatzaren 20an eta irailaren 27an egingo da, eta inguruko hirigintza eta giza iragana zabaltzeaz gain, memoria kolektiboaren bidez auzokideen arteko lotura eta parte hartze komunitarioa indartu nahi ditu.

Bisiten hasiera Izazpiko estalitako kantxan izango da. Bertan, argazki historikoekin osatutako ikus-entzunezko aurkezpen labur bat eskainiko da, auzoak ia mende batean izan dituen aldaketak testuinguruan kokatzeko. Ondoren, ibilbidea hainbat gune esanguratsutatik igaroko da: Elgarrestamendi, Ipar Haizea, Argixao, El Salvador parrokia, Leturia plaza eta Antonino Oraa, besteak beste.

Igarki Busca udal artxibozaina izango da gidari. “Auzoko txoko bakoitzak badu zer kontatzeko. Bizi garen lekuen historia ezagutzen dugunean, hobeto ulertzen dugu nor garen komunitate gisa”, adierazi du Buscak.

Bestalde, Arantxa Gonzalez Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak ekimenaren balio soziala azpimarratu du. “Ez dugu nahi historia artxiboetan edo argazki zaharretan gordeta geratzea. Kalera ateratzea nahi dugu, partekatzea, eta belaunaldien zein auzokideen arteko loturak sendotzeko baliagarria izatea”, aipatu du.

Maiatzaren 20ko bisita gidatua 18.00etan izango da. Irailaren 27ko bisitaren ordutegia, berriz, ez da zehaztu oraindik. Bisita gidatuan parte hartu nahi duten pertsonek online eman ahal izango dute izena. Horretarako, labur.eus/Taubizi helbidera jo behar dute. Aurrez aurre ere izena eman daiteke:Zumarragako Leturiatarren plazako El Salvador gizarte etxean, astelehenetan eta ostegunetan, 11.00etatik 12.30era.

12/05/2026