Bizkaia

Bermeoko San Martin auzoa jai giroan murgilduko da asteburu honetan

San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturalak auzolanean antolatutako jaiek musika, kirola eta gastronomia uztartuko dituzte azaroaren 13tik 15era; larunbat goizean kalea itxita egongo da lasterketagatik
Aurten ere San Marton lasterketa solidarioa ospatuko da / Bermeoko Udala

Bermeoko San Martin kalea jai giroan murgilduko da asteburu honetan, azaroaren 13tik 15era bitartean ospatuko diren auzoko jaiak direla eta. San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturalak prestatu du egitaraua, adin eta gustu guztietarako proposamenak eskainiz eta kaleak giro onez betetzeko helburuarekin.

Jaiak gaur bertan hasiko dira arratsaldeko 18.00etan, umeentzako txokolate eta bizkotxoekin eta buruhandiekin. Ordu bat geroago, 19.00etan, txupinazoa botako dute karpan, jaiei hasiera ofiziala emateko. Iluntzean, pintxo-pote egunaren baitan, Kanta Kanta Lorue eta Dantzaz Blai salsa taldeak karpa eta hiru tabernatatik zehar ibiliko dira. Gauean, berriz, Txalainak (Hertzainak-en tributua) eta Bribriblibli (Extremoduroren tributua) taldeen kontzertuak izango dira, Egoitz DJaren saioak goizaldeko 2.00ak arte luzatu aurretik.

Kirola eta herri bazkaria larunbatean

Bihar, azaroak 14, kirolak hartuko du protagonismoa goizean, 11.00etan Kresala tabernatik abiatuko den Katalin Zulueta Zarateren oroimenezko San Marton lasterketa solidarioarekin (umeentzako proba eta ibilbide laburra zein luzea izango dira). Proba hori dela eta, antolakuntzak ohartarazi du San Martin kalea zirkulaziorako itxita egongo dela 10.30etik 12.30ak ingurura arte.

Eguerdian, Ttakuntxo taldearen txalaparta tailerra eta umeentzako jolasak izango dira, goiz osoan karpa ondoan taloa salgai dagoen bitartean. Arratsaldeko 15.00etan, Kikuke Bertso Eskolak lagundutako bertso herri bazkaria egingo da, eta ostean txapel jaurtiketa, sokatira, Gatazka perkusio ikuskizuna, Aimar & La Bandada eta Argitu erromeria izango dira, Jaikide DJaren saioarekin amaitzeko.

Eta igandean jaiek jarraipena izango dute 10.00etako txosna irekierarekin eta buruhandien bisitarekin. Goizean zehar, Urdaibai E.T.-ren eskutik 'Eskubaloia kalean' ekimena eta Orkatzetak antolatutako umeentzako MTB lasterketa egingo dira. Eguerdian Erroxapeko Martxak girotuko du karpa, eta 15.00etan egingo den zozketarekin eta sari banaketarekin borobilduko dute asteburua.

13/11/2026