Actualizado hace 10 minutos
Euskal zinemagintzaren talentua, istorioak eta begiradak protagonistak izan ziren larunbatean Lekeition, 49. Euskal Zine Bileraren sari-banaketa ekitaldi nagusian. Eta Sail Ofizialeko Lehiaketan parte hartu duten hogei film laburren artean, Aitor Gametxo Zabala zinegile lekeitiarraren Geratzen den hori izan da garaile nagusia. Lanak film onenaren Urrezko Antzarra (3.000 euro) eskuratzeaz gain, Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren saria (500 euro eta Zilarrezko Antzarra) eta EITB Ikuslearen saria (750 euro eta Zilarrezko Antzarra) ere bereganatu ditu.
Urriaren 15etik 17ra Ikusgarri zinema-aretoan ikusgai izan diren lanek askotariko gaiak eta ikuspegi zinematografikoak ekarri dituzte pantailara. Epaimahai ofizialak —Irati Gorostidi Agirretxek, Aimar Arriolak eta Edurne Azkaratek osatutakoak— altu baloratu du Gametxoren lana: "Balioan jarri nahi dugu filmak doluaren esperientzia unibertsala istorio pertsonal eta kokatu batetik lantzeko duen gaitasuna, gaixotasuna bezain prozesu mingarrian edertasuna bilatuz". Epaimahaiaren hitzetan, filmaren indar bisual eta poetikoak ikusleak hunkitu ditu.
Zuzendaritza eta gidoi onenak
Zuzendaritza onenaren saria Elene Mengyu Larrinaga Bilbaoren Hogeita bat filmarentzat izan da (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro). Epaileek azpimarratu dute zuzendariaren ausardia "euskal gizartean ere presente dagoen arrazakeria bezalako gai premiazkoa modu zuzenean eta bere esperientzia pertsonaletik abiatuta pantailara eraman duelako".
Bestalde, Gidoi onenaren saria Aitor Arruti eta Izaro Arrutiren Mintzo zen lanak eraman du (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro). Filmak, gainera, Esperientziaren Cikautxo saria ere jaso du (Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euro), Lekeitio izan daitekeen herri bateko kontakizuna ekartzeagatik eta borrokarako indarra zein esperantza transmititzeko duen gaitasunagatik. Azkenik, Epaimahaiaren Aipamen Berezia Julen Duhau Larrañagaren Eguneroko legez filmari eman zaio, aktoreen zuzendaritza zein egunerokotasunetik abiatuta bizitzako gai sakonak lantzeko duen gaitasunagatik.
Aitortza Jose Ramon Soroiz aktoreari
Jaialdiak Euskal Zinemaren Begirada saria eskaini dio aurten Jose Ramon Soroiz aktoreari, euskal zinemari eta telebistari egindako ekarpen zabalaren aitortza gisa. 1970eko hamarkadaren amaieran bere ibilbidea hasi zuenetik, Soroizek ETBko telesail ezagunetan (Bi eta bat, Goenkale, Martin, Maité) zein euskal zinemako mugarri handietan (Tasio, Vacas, Loreak, Amama, Cinco lobitos) parte hartu du. Azken urteotan, Maspalomas filmeko Vicente pertsonaiaren interpretazioagatik Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra jaso du.
Lekeitioko Udalak antolatutako jaialdiak erakunde zein babesle ugariren laguntza izan du, euskal zinemaren sorkuntza, hedapena eta topagune izateko eginkizuna urtez urte indartuz.