Araba

Adinekoen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independentea Gasteizen izan da Udalaren zainketa eredua ezagutzeko

Gasteizko Udaletik azaldu dutenez, Zvezdan Pirtosek hiria bisitatu izana adineko pertsonen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independente gisa estatuko hainbat autonomia erkidegotan egiten ari den bisita ofizialaren barruan kokatu da
Adinekoen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independentea Gasteizen izan da Udalaren zainketa eredua ezagutzeko.
Adinekoen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independentea Gasteizen izan da Udalaren zainketa eredua ezagutzeko. / Utzitakoa

Adinekoen giza eskubideen buruzko Nazio Batuen Erakundeko (NBE) aditu independentea den Zvezdan Pirtosek Gasteiz izan da ostegun honetan, egunotan Espainiako Estatuan egiten ari den egonaldiaren barruan. Hirian zehar egin duen ibilbidean, adinekoen arretan erreferentzia diren bi udal baliabide ezagutu ditu bertatik bertara: Bizan eta Zaramagako Eguneko Arretarako LAR Zentroa.

Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok Zaramaga auzoko bisitan lagundu dio adituari, eta Gasteizko Udalak "zaintza eredu hurbil, pertsonalizatu eta pertsonengan zentraturantz" aurrera egiteko garatzen dituen lan ildo nagusiak azaldu dizkio.

"Adinekoen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independentearen bisita aprobetxatuz, Zaramagako Bizan eta LAR ezagutzera gonbidatu dugu. Tokian bertan erakutsi nahi genion nola bideratzen ditugun Udalaren zaintza politikak, eta nola jarraitzen dugun arreta eredu hurbil eta pertsonalizaturantz aurrera egiteko ahaleginean. Eredu horrek beti jartzen ditu pertsonak erdigunean, nahi ez den bakardadeari aurre egiten dio eta zahartze aktiboa eta parte-hartzailea sustatzen du", azaldu du Royerok.

Zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela udal baliabideen sarea izatea, adineko pertsonei beren bizitzako etapa eta egoera desberdinetan laguntzeko aukera ematen duena, beren autonomia mantendu, gaitasunak garatu eta komunitateko kide aktibo izaten jarrai dezaten.

"Gasteizen uste dugu zaintzea ez dela soilik zailtasunak agertzen direnean beharrei erantzutea. Prebenitzea, laguntzea, harremanak izateko eta parte hartzeko aukerak sortzea eta adineko pertsonei beren bizi-proiektua ahalik eta autonomia handienarekin garatzeko laguntzak eskaintzea ere bada. Filosofia hori da gure baliabide eta zerbitzuen inspirazio iturria, eta adituak oso modu positiboan baloratu ditu", gaineratu du.

Hain zuzen, Bizan sarea udal ereduaren zutabe nagusietako bat da. Bere zentroen bidez, Gasteizko Udalak elkartzeko, bizikidetzarako, parte hartzeko eta ikasteko espazioak eskaintzen ditu, ongizatea, gizarte harremanak eta zahartze aktiboa bultzatzeko jarduera eta zerbitzuekin. Bestalde, Zaramagako Eguneko Arretarako LAR Zentroa adinekoei arreta eta laguntza emateko udal baliabideetako bat da, zaintza eta laguntza politiken esparruan.

BISITA

Gasteizko Udaletik azaldu dutenez, Zvezdan Pirtosek hiria bisitatu izana adineko pertsonen giza eskubideei buruzko NBEren aditu independente gisa estatuko hainbat autonomia erkidegotan egiten ari den bisita ofizialaren barruan kokatu da. Egonaldian, Madrilez gain, Euskadin, Katalunian, Valentziako Erkidegoan eta Galizian topaketak egiteko eta esperientziak ezagutzeko asmoa du, hainbat lurralde eta testuingurutan adinekoen egoerari buruzko ikuspegi zabala lortzeko.

Bisita horien helburua da adineko pertsonen giza eskubideak babesteko politikak, jarduerak eta jardunbideak bertatik bertara ezagutzea, esperientzia positiboak identifikatzea eta egon daitezkeen gabeziak edo hobetu beharreko arloak hautematea. Horretarako, adituak bilerak egiten ditu administrazio publikoekin, gizarte zibileko erakundeekin eta inplikatutako beste eragile batzuekin.

Besteak beste, adinaren araberako diskriminazioaren aurkako borroka, adinekoen autonomia eta erabakitzeko gaitasuna, zaintza eta laguntza komunitarioko sistemak, tratu txarren prebentzioa, babes soziala, etxebizitza, osasuna, irisgarritasuna eta bizitza publikoan parte hartzea dira azterlanaren gai nagusiak. Lurralde arteko desberdintasunei eta zaurgarritasun handieneko egoerei ere arreta berezia eskaintzen die.

Espainiako Estatura egindako bisita horren ondorioak eta gomendioak txosten batean jasoko dira, eta 2027ko irailean aurkeztuko zaio NBEren Giza Eskubideen Kontseiluari.

2026-11-20T14:07:31+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo