Gipuzkoa

169 lan eta 28 sari Elgoibarko Idazlan Lehiaketaren bederatzigarren edizioan

DBHn eta Batxilergoan parte-hartzea jaitsi bada ere, aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu dute epaimahaikideek
Sarituak, epaimahaikideekin eta Udaleko arduradunekin Aita Agirre Kulturgunearen atarian.
Sarituak, epaimahaikideekin eta Udaleko arduradunekin Aita Agirre Kulturgunearen atarian. / Udala/Askasibar

Elgoibarko Udalak antolatutako IX. Idazlan Lehiaketako sariak banatu zituzten maiatzaren 7an, Aita Agirre kulturguneako areto nagusian egindako ekitaldian.

Guztira 169 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora eta horietatik 28 izan dira sarituak.

Parte hartze "pozgarria"

Lehiaketaren helburua ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea da.

Aurtengo parte-hartzea “pozgarria” izan dela nabarmendu zuten epaimahaiko kideek, Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok.

Epaimahaikideen esanetan, aurten ere adostasun handia izan dute lanak baloratzerakoan, eta horrek saritutako lanen kalitatea erakusten du.

Gainera, irudimenari dagokionez, aurkeztutako lan askoren maila goraipatu zuten.

Irakurtzen esta idazten jarraitzeko deia

Bestalde, azaldu zuten adinak aurrera egin ahala zailagoa izaten dela irudimena lantzea, eta horrek azal dezakeela DBHn eta Batxilergoan azken urteetan, eta bereziki aurten, izan den parte-hartzearen beherakada.

Horregatik, bereziki 12 urtetik gorako gazteak animatu nahi izan zituzten literatura, irakurketa eta idazketa lantzen jarraitzera.

2024 eta 2025eko sarituen liburuxka

Ekitaldia baliatuta, Elgoibarko Udalak 2024an eta 2025ean saritutako lanekin osatutako liburuxka ere aurkeztu zuen.

Guztira 200 ale argitaratu dituzte, eta orain arteko edizioetako saridunei eta epaimahaikideei oparituko dizkiete.

Horrez gain, ale batzuk herriko ikastetxeetan banatuko dituzte, eta gainontzekoak Udaleko Euskara, Gazteria eta Kultura sailetan nahiz Gotzon Garate Udal Liburutegian izango dira eskuragarri.

Liburua Udalaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da.

2026-05-09T11:52:05+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo