Uztailaren 22tik 26ra Astigarragan egingo diren Santio jaiek egitarau zabala izango dute aurten ere, baina berritasun nagusietako bat jaiei hasiera emango dieten protagonisten aukeraketan iritsi da. Lehen aldiz, Udalak herritarren esku utzi du pregoia eta txupina nork botako dituen proposatzeko aukera, eta prozesu horren emaitza izan da Juantxo Zuaznabar eta Periko Garmendiaren hautaketa.
Maiatzean irekitako galdetegiaren bidez, astigartarrek herriko jaiei hasiera emateko pertsona edo taldeak proposatu ahal izan zituzten, hautagaitza bakoitza arrazoituz. Jasotako proposamen guztiak Jai Batzordeak aztertu zituen, eta azkenean Zuaznabar eta Garmendia aukeratu zituzten, herriaren alde urte luzez erakutsitako konpromisoa eta boluntario lana aitortuz.
Herritarrek ere nabarmendu zuten bien ibilbidea. Proposamenetan jasotako arrazoien artean daude, besteak beste, “herriari egindako ekarpen nekaezina” eta “beti eta edozein gairako laguntzeko prest egotea”. Udalaren esanetan, hautaketa egiteko irizpide nagusiak herriaren alde egindako lana, prestutasuna, dedikazioa eta jarrera izan dira.
Juantxo Zuaznabar eta Periko Garmendia.
Festetan beste berrikuntza batzuk izango dira aurten. Esaterako, Udalak azpiegitura gehiago jarriko ditu txosna gunean, herritarrek bazkari eta afarietan erosotasun handiagoa izan dezaten. Horrez gain, Astindu elkarteak eta AGAk sustatutako Attu Onddo ekimenaren bidez, uztailaren 24ko goizaldean hainbat tabernatan ordubetez euskal musika soilik entzungo da.
Bestalde, jaiak inklusiboagoak izan daitezen, aurten suzirien erabilera murriztea erabaki da. Zaratek pertsona sentikorrei eta animaliei eragiten dizkieten kalteak gutxitzeko asmoz, jaurtiko diren suzirien kopurua eta ordutegiak mugatuko dira.
Egitarauan, musika nagusi
Jaien egitarauari dagokionez, bost egunez, musika izango da ardatz nagusietako bat. Oholtza nagusietan Sedientos de Cumbia, Tapia eta Leturia Band, Mirua, Oxabi, Dúo Azabache, Jagoba, Itzal edo Mariachi Imperial Elegancia Mexicana ariko dira, eta kaleak txarangek, txistulariek, elektrotxarangek eta trikitilariek girotuko dituzte.
Txosna guneak ere eskaintza zabala izango du, AGAren eskutik. Bertan ariko dira, besteak beste, 3ttu, Slide, Zeatikez, Ertz, Manitu, Yakolev 42, Aramu, DJ Biki Bikiak, DJ Gordas Pinponeras eta herriko hainbat DJ.
Horrez gain, bazkari herrikoiak, marmitako eta patata tortilla lehiaketak, sagardo dastaketak, herri danborrada, larrain-dantza, bertso saioa, Astigar dantza taldearen erakustaldia, Hika Teatroaren eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna, Trapu Zaharra konpainiaren antzezlana eta herri kirolak ere izango dira.
Barraken prezio adostuak
Haurrak eta nerabeak izango dira, beste urte batez, egitarauaren beste ardatza. Haurren txupinazoa, kiliki eta erraldoiak, ur-parkea, puzgarriak, apar festa, ludoteka, txokolatada, kale ikuskizunak eta barrakak izango dituzte eskura.
Barraken prezioei dagokienez, Udalak AFADE ferialariekin adostu du tarifak mugatzea. Haurren Egunean atrakzio guztiek 1,50 euroko prezioa izango dute, eta gainerako egunetan ere gehienezko tarifak ezarri dira. Gainera, egunero 17.00etatik 18.00etara barrakak argirik eta musikarik gabe egongo dira, sentsibilitate bereziak dituzten haurrek eta familiek espazioa lasaitasun handiagoz erabili ahal izan dezaten.
Santio Jaietako egitaraua Jai Batzordeak landu du, udal ordezkariekin eta herriko hainbat elkartetako kideekin elkarlanean. Antolatzaileek adin eta gustu guztietara egokitutako programa prestatu dute, eta herritarren etxeetara banatuko da, udal webgunean ere eskuragarri egongo den bitartean.
Jaien aurreko asteburutik bertatik hasiko da giroa berotzen. Uztailaren 17tik 21era bitartean oztopo-zirkuituak, nazioarteko folk jaialdia, pilota eta pala txapelketak, 3x3 saskibaloi txapelketa, sardina-jana, txirrindularitza igoera herrikoia, herri kirolak eta mahai-jokoen finalak izango dira, besteak beste.
Segurtasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa ere lehentasunen artean jarri ditu Udalak. Jaietan telefono bidezko eta aurrez aurreko arreta eskainiko da erasoen aurrean, eta koordinazio-mahai berezia eratuko da Udalaren eta jaietako antolakuntzan parte hartzen duten eragileen artean. Horrez gain, Udaltzaingoa 24 orduz egongo da zerbitzuan jaietako egun guztietan.
Dena prest dago, beraz, Astigarragak bost egunez, uztailaren 22tik 26ra, festa, kultura eta herri giroa protagonista izango dituen Santio jaiei hasiera emateko.