Actualizado hace 6 minutos
Urretxu eta Zumarragako Euskara zerbitzuek udaberriko eskaintza aurkeztu dute. Urtaro honetako Aroz Aro programako berrikuntza nagusia Auzomira zikloa da. Kale Gorrian taldeak antolatu du Gorka Erostarberen Auzokinak poesia liburuaren izpirituan oinarrituta.
Auzomira zikloa ekaineko bigarren asteburuan egingo dute. Ekainaren 12an, ostirala, Hiruki Filmak ekoiztetxe nafarrak sustatutako bi film ertain proiektatutako dituzte: Maddi Barber eta Marina Lameiroren Cambium (44 minutu) eta ekoiztetxeko kideek Aurizberriko biztanleekin auzolanean sortutako Ziarraize (30 minutu).
Erostarberen liburuan auzoak inguru batean bizitzeko modua gorpuzten du eta hori da ere Auzomira zikloaren eta bi pelikula horien izpiritua. Bi filmek herritarren eta lurraldearen arteko harremanean sakontzen dute. Sortzaileak emanaldian izango dira eta ikusleekin solasaldia egingo dute.
Ekainaren 13an, larunbata, Broken Brothers Brass Band jazz-txaranga iruindarrak herriko kaleetan joko du: Eitzan, trintxeran, Piedad kalean, Urzubi tabernaren kanpoaldean eta Areizaga-Kalebarrenen. Emanaldia 12.00etan hasiko da eta amaieran kontzertutxoa egingo dute Areizaga-Kalebarrenen (euria egiten badu, Zumarragako udaletxeko arkupean).
Bukatzeko, ekainaren 14an (igandea) Auzokinak liburuaren errezitaldi musikatua egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan (euria egiten badu, udaletxeko arkupean). Ekitaldia 12.30ean hasiko da. Hainbat lagunek liburuko testuak errezitatuko dituzte eta beste batzuk errezitaldia musikaz jantziko dute. Parte hartzaileen artean Jaione Galdos, Rocio eta Igor, Ane Miren Ormazabal, Ainara Erostarbe, Morau, Gorka Ojanguren, Isuo, Tunixi eta Txost! izango dira.
Aroz Aroko gainerako ekitaldiei dagokienez, maiatzaren 29an sukaldaritza lehiaketa bat egingo dute Gernikako Arbola plazako karpan. DBH3 eta DBH4ko gazteek parte hartuko dute eta Mikel Garaizabal sukaldariak gidatuko du. Lehiaketa hori DHB4ko ikasleek proposatu dute, euskararen eta gazteleraren inguruko entzute ariketan.
Ekitaldiekin bukatzeko, Goierriko literatura taldeek Katixa Agirreren Barne zerbitzuak liburua landuko dute Seguran maiatzaren 30ean, mintzalagunek ikasturte amaierako juntadizoa egingo dute maiatzaren 28an Gure Txoko tabernan eta ekainaren 5ean Kolapsoa lana antzeztuko dute Zelai Arizti aretoan.
Alex Gonzalez eta Josu Idigoras zinegotziek Aroa plan estrategikoaz ere hitz egin zuten. “2035 urtera bitarteko plana diseinatzen ari gara eta, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu diagnostikoa osatzeko galdetegia erantzun duten guztiei. 500 herritarretik gora izan dira”, esan zuen Idigorasek.
Gonzalezek planaren helburuen berri eman zuen: Urretxu-Zumarragan euskararen erabilera handitzea, euskaldunak ahalduntzea eta udalerriko hizkuntza bizikidetza justu eta inklusiboa indartzea da helburua eta hamar urteko ikuspegia du. Horretarako, parte hartze prozesua jarri dute martxan. Lehen saioa maiatzaren 6an egin zuten eta bigarrena maiatzaren 20an izango da: Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian, 18.00etatik 20.00etara.