Bizkaia

Zahartzaroa aktiboki bizitzeko gakorik onenak topatu dituzte Ondarroan

'Ondarru Lagunkoia' ekimenaren barruan antolatutako ikastaro praktikoak arrakasta handia izan du herriko 21 jubilatu berri eta nagusiren artean
Guztira 21 herritarrek parte hartu dute programan / Ondarroako Udala

Ondarroako Udalak abian jarritako zahartzaro aktiboa sustatzeko formakuntza praktikoak arrakasta handiz eta oso balorazio positiboarekin itxi du bere azken edizioa. Azken asteetan herriko jubilatu berriei eta jubilatu aktiboei zuzendutako ekimen honetan 21 herritarrek hartu dute parte. Programaren helburu nagusia zahartzaro aktiboaren oinarriak modu praktikoan, hurbilean eta dinamikoan lantzea izan da, aro berri honi indarrez eta bizi-proiektu sendo batekin aurre egiteko.

Formakuntzak bi orduko sei tailer praktiko izan ditu guztira. Saio hauek elkarren segidako sei astetan banatu dira, eta beti asteko egun berean eman dira, martitzenetan. Ikastaroa bideratzeaz Bizipoz kooperatibako kideak eta On eKin nutrizio zentruko adituak arduratu dira, elkarlanean, herritarrei esparru ezberdinetako tresnak eskaintzeko.

Bizipoz kooperatibako arduradunek adierazi dutenez, ezinbestekoa da erretiroa hartzean bizi-proiektu pertsonal bat izatea. Hori dela eta, bakarkako hausnarketa dinamikak eta ekintzara bideratutako ariketak uztartu dituzte saio bakoitzean. "Honako gaiei buruz hausnartu dugu: Zer da jubilazioa? Nola ikusten naiz etapa berri honen aurrean? Zeintzuk dira aldatuko diren arloak? Nolakoa da nire osasuna? Zerbait aldatu nahi dut? Zer ikasi behar dut etapa berri honetan?", azaldu dute adituek.

Galderei erantzun eta tresna baliagarriak emateko, funtsezko hainbat gai jorratu dituzte aste hauetan: zahartzaro aktiboa eta adinkeria, osasun integrala, elikadura osasuntsua, teknologia berriak eta jubilatu osteko egitekoak. Eduki hauek guztiek nagusien autonomia eta ahalduntzea dute ardatz.

Ekimen hau Ondarroak herri lagunkoiago baten alde egiten duen apustu estrategikoaren barruan kokatzen da. 2020an Ondarroako Udala Euskadi Lagunkoia sarera batu zen. 2021ean diagostikoa aurkeztu eta ekintza-plana sortu zen. Geroztik, herria hobetzeko ekintzak aurrera eraman dira. 2026an, Ondarru Lagunkoia proiektuaren barruan, Ondarruko pertsona nagusiei zuzenduriko ikastaro praktiko bat gauzatzea proposatu zen, eta hau da orain egin dena.

Esti Arruti Osa Ondarroako ongizate zinegotzia ere oso pozik agertu da ekimenaren antolaketarekin eta egondako parte-hartze handiarekin. Zinegotziaren hitzetan, “Ondarru Lagunkoia ekimenean agertutako ideia batetik antolatu dugu ikastaroa eta oso pozik gaude, uste baitugu, hausnarketa, irakaspen eta ondorio garrantzitsuak atera ahal izan dituztela partehartzaileek”.

12/07/2026