Gipuzkoa

UZ Trail mendi lasterketa egingo dute igandean Urretxu eta Zumarragan

Hiru proba antolatu dituzte: 6, 12 eta 23 kilometrokoak
Gallastegi, Catalan eta Serrano, aurkezpen ekitaldian.
Gallastegi, Catalan eta Serrano, aurkezpen ekitaldian. / Asier Zaldua

Actualizado hace 6 minutos

Igandean, martxoaren 1ean, UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun eta Zumarragan. Urteroko moduan, parte hartzaileek hiru ibilbide izango dituzte aukeran.

Ibilbide motzak 6 kilometroko luzera eta 250 metroko desnibela izango du, ertainak 12,1 kilometroko luzera eta 800 metroko desnibela eta luzeak 23 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibela. Luzekoak 9.00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik eta motzekoak eta ertainekoak 9.30ean. Ibilbide luzeko korrikalariek Izazpi eta Irimo mendiak igoko dituzte eta ertainekoek Izazpi bakarrik.

Dagoeneko ia 400 lagunek eman dute izena. Izen-ematea zabalik da oraindik. Izena emateko, rockthesport.com webgunera jo behar da. Proba luzekoek 30 euro ordaindu behar dute, ertainekoek 20 eta motzekoek 13. Izena emateko azken eguna osteguna da. Proba luzean eta ertainean 18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete. 18 urtetik beherakoek motzean parte hartu behar dute.

UZ Trail mendi lasterketa astelehen goizean aurkeztu duten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpen ekitaldian Patxi Catalan probako zuzendariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Aratz Gallastegi Urretxuko Udaleko Kirol teknikariak parte hartu zuten.

Catalanek eskerrak eman zizkien Urretxu eta Zumarragako udalei eta babesleei. “Ia 400 lagunek eman dute izena dagoeneko. Eguraldi ona egitea bakarrik behar dugu”. Horretaz gain, datorren urteko UZ Trailen autonomien arteko Espainiako txapelketa jokoan egongo dela aurreratu zuen. “Apirileko bigarren astean egingo da, seguru aski”, aurreratu zuen Catalanek.

Serranok eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta beraien laguntzaileei, urte hauetan guztietan egindako lanagatik. “Lan handia dago atzetik”, esan zuen.

Gallastegik ere antolaketan lan egiten dutenak gogoratu zituen. “Horrelakoak antolatzen dituztenei eskerrak eman behar zaizkie, horiek gabe ez baitago ekitaldiak aurrera ateratzerik. Ea egun polita pasatzen dugun”.

Korrika egiteko asmorik ez dutenek, argazki lehiaketan parte har dezakete. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, martxoaren 4ko 14.00ak baino lehen, argazkielkartea@gmail.com helbide elektronikora bidalita. Mezuarekin batera honako datuak zehaztu beharko dira: izen-abizenak, adina, herria eta telefono zenbakia. Antolakuntzak mezuaren jasotzearen baieztapena bidaliko du.

Sari banaketa apirilaren 13an egingo da, 19.00etan, Zelai Ariztin. Bost sari banatuko dituzte:argazki onena (150 euro eta oparia), bigarren argazki onena (100 euro eta oparia), herriko argazkilari batek ateratako argazki onena (90 eta oparia), haur batek ateratako argazki onena (50 euro eta oparia) eta haur batek ateratako bigarren argazki onena (30 euro eta oparia).

Gainera, saritutako argazkiak UZ Trail 2027ko material promozionalean erabili ahal izango dira, egiletza betiere aitortuta. l

2026-02-24T09:37:33+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo