Gipuzkoa

Usurbilek Txalaparta Festa ospatuko du azaroaren 14an egun osoko egitarauarekin

Aurtengo berritasun nagusia Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolen senidetzea izango da elkarlana sustatzeko
Txalaparta Festaren aurkezpena. / N.G.

Usurbilek Txalaparta Festa hartuko du azaroaren 14an. Jexux Artze kultur elkarteak eta 650 Usurbil Bizi proiektuak egun osoko egitaraua prestatu dute, eguerdian hasi eta iluntzera arte. Aurtengo edizioak, gainera, berritasun bat izango du: Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolen senidetzea egingo dute, bi herrietako ikasleen arteko harremana eta elkarlana sustatzeko.

Azken urteotan egindako lanari esker, festa egonkortzen ari da herriko kultur egutegian. Erromeria, kalejira, bazkaria eta kontzertuak izango dira aurten ere, txalapartari ezagunen eta ikasleen parte-hartzearekin. Antolatzaileek, hain zuzen, txalaparta ikasten ari direnei protagonismo berezia eman nahi diete, ikasketa prozesuan bultzada emateko eta jotzen jarraitzera animatzeko. Horretarako, aurrez hitzartutako emanaldiez gain, saio irekiak ere antolatu dituzte.

Ikuspegi horren barruan kokatzen da Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolen arteko senidetzea. Ekimenaren bidez, bi herrietako ikasleek elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Aurrerantzean, txalaparta jotzen ikasteaz gain, festak antolatzen eta horietan parte hartzen ere arituko dira elkarrekin.

Erromeria, kalejira eta kontzertuak

Egitaraua 11:45ean hasiko da, Mikel Laboa plazan, herri erromeriarekin. Euria eginez gero, Askatasuna plazara eramango dute saioa. Adar deiarekin abiatuko dute festa, eta Zuaznabartarrak, Goikoetxeatarrak eta Zabalegitarrak taldeek hartuko dute lekukoa. Txalaparta ikasleen emanaldia ere izango da, baita Oiartzungo Albokalteak eta Usurbilgo Adarbakarrak taldeen saioa ere. Ondoren, txalaparta irekia egingo dute, eta txorizoa eta sagardoa banatuko dituzte.

14:00etan, albokariek lagunduta, kalejira abiatuko da Patri jatetxerantz. Ordu erdi geroago hasiko da bazkaria; antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko ez da lekurik geratzen. Bazkalostean ere txalaparta irekia egiteko aukera izango da.

Arratsaldean, 18:30ean, Oiartzungo Makilakixkirekin senidetzeko ekitaldia egingo dute. Olanoenea plazatik abiatuta, kontzertuak eskainiko dituzte herriko hainbat gunetan. Jexux Artze Txalaparta Eskolak, Makilakixkik eta Esku-Txa hirukoteak hartuko dute parte, azken horrek Txalaparta &+ egitasmoarekin. Egunari amaiera emateko, Bihotx taldearen kontzertua izango da 20:00etan, Dema plazan.

Etiquetas
13/11/2026