Gipuzkoa

Usurbilek Rikardo Arregiren oihartzuna berpiztuko du

Duela 60 urte 'Udarregi' bertsolariari egindako omenaldia gogorazteko bi jardunaldi antolatu dira
Errekondo, Azpiazu eta Solaberrieta. / N.G.

650 Usurbil Bizi egitasmoak 1966an Juan Jose Alkain Iruretagoiena Udarregi bertsolariari Usurbilen egindako omenaldi historikoa ekarriko du gogora aurten, haren 60. urteurrena baliatuta. Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago izenburupean, maiatzaren 17ean eta 22an egingo dituzte ekitaldiak, euskararen, artearen eta herri memoriaren arteko loturak azaleratzeko helburuz.

Honenbestez, maiatzaren 17ean, Oteiza 14 apostolu filma emango dute Sutegin, 19.00etan. Proiekzioaren ostean solasaldia egingo dute Oskar Alegria filmaren zuzendariak eta Jaione Apalategik. Alegriak artearen eta kulturaren arloko hainbat sortzaileren ahotsak bildu ditu lanean, tartean Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga eta Esther Ferrer. Emanaldi hau maiatzaren 15erako aurreikusia zegoen, baina egun horretarako ikus-entzunezko teknikarien greba deialdia dagoenez, eta hau errespetatzeko helburuarekin, proiekzioa bi eginez atzeratzea erabaki da.

Bigarren jardunaldian, maiatzaren 22an, lehenik, Zutik filma eskainiko dute, Ainara Mendiolak zuzendua eta Rikardo Arregiren figurari eskainia. Ondoren, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia egingo dute Mendiolak berak, Ismael Manterolak eta Idurre Eskisabelek parte hartuta. Amaieran, Remigio Mendibururen eskulturaren inguruan egingo dute itxiera ekitaldia, Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbioren bertsoekin. Ekitaldi hauetarako gonbidapenak doan izango dira eta usurbilkultura.eus webgunean eskuratu beharko dira.

Euskal artea suspertzen

Egitarauaren aurkezpenean parte hartu zuten Agurtzane Solaberrieta Mesak, Usurbilgo alkateak; Ines Azpiazuk, 650 Usurbil Bizi proiektuko gidariak, eta Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria jaso berri duen Jakoba Errekondo agronomoak. Solaberrietak azpimarratu zuen 1966ko omenaldia “euskal artearen eta kulturaren alde frankismo garaian egindako apustu ausarta” izan zela, eta gogora ekarri zuen herriko hainbat eragilek antolatu zutela, tartean Joxean Artze, Jexux Artze eta Felix Aizpurua.

Garai hartako ekitaldiek kultur adierazpen ugari bildu zituzten: bertso saioak, euskarazko antzerkia, idazketa lehiaketak eta Remigio Mendiburuk Udarregiren omenez egindako eskulturaren inaugurazioa. Alkatearen esanetan, Usurbil Euskal Herrian pizten ari zen kultura berritzearen lekuko izan zen urte haietan, eta lotura estua izan zuen Ez Dok Amairu mugimenduarekin. Gogorarazi zuen, gainera, Artze anaiak mugimendu haren parte izan zirela eta herrian arrastoa utzi zutela beste hainbat sortzailek ere, hala nola Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk.

1966ko omenaldi hartan egin zuen, halaber, Rikardo Arregik euskara batuaren eta euskal estatu baten aldeko hitzaldi ezaguna. Solaberrietaren hitzetan, “gaurkotasun handiko mezua” izaten jarraitzen du, euskararen aurkako oldarraldien testuinguruan.

Arestian aipatu bezala, ekimen hau 650 Usurbil Bizi programaren baitan antolatu da. 2022an abiatu zen proiektuak herriaren nortasuna, memoria eta ondare kulturala oinarri dituen turismo eredua sustatzen du. Parte-hartze prozesu baten bidez, hamalau Usurbil identifikatu zituzten tartean Euskararen Usurbil, Ez Dok Amairuren Usurbil eta Txalapartaren Usurbil. Maiatzeko jardunaldiekin, antolatzaileek artearen eta euskararen inguruko memoria kolektiboa gaur egungo begiradarekin berraktibatu nahi dute.

14/05/2026