Gipuzkoa

Usurbilek 15,9 milioiko aurrekontua aurkeztu du 2027rako

Gizarte zerbitzuen aurrekontua ia milioi bat euroko izango da etxez etxeko zerbitzua indartzeko
Usurbilgo Oiardo kiroldegia.
Usurbilgo Oiardo kiroldegia. / Aitziber Muga

Usurbilgo Udalak 15,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, inoizko handiena. 2026ko kontuekin alderatuta, %10eko igoera izango dute. Udal Gobernuak osatu du proposamena, “erronka globalei herritik erantzuteko” helburuarekin, eta oposizioko taldeek emendakinak aurkezteko epea dute orain. Asmoa da aurrekontuak datorren osoko bilkuran, azarokoan, onar-tzea, hasieraz.

Zaintza eta etxebizitza izango dira lehentasunen artean. Horiek horrela, gizarte zerbitzuen aurrekontua ia milioi bat eurokoa izango da, 2026an baino 144.000 euro handiagoa. Igoeraren zati handi bat etxez etxeko zerbitzua indartzeko erabiliko dute: 400.000 eurotik gora bideratuko dituzte horretara, zaintza-eredu berrira egokitzeko eta zaintza lanak zein langileen lan-baldintzak duintzeko.

Alkatea, Arrozpide eta Begiristain zinegotzien artean.

Alkatea, Arrozpide eta Begiristain zinegotzien artean. N.G.

Gainera, auzoetan azken urteotan abiatutako auzo-zaintza proiektuekin jarraituko dute, harreman-sareak sortu eta indartzeko eta, bereziki, 65 urtetik gorakoen bakardade-arriskua murrizteko.

Etxebizitzaren arloan, berriz, 145.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte hainbat proiektu eta ekintzatara, baita Etxebizitza Bulegora ere, herritarrei arreta eta aholkularitza eskaintzeko.Irisgarritasuna eta herriaren eraberritzea

Irisgarritasuna

Herria eraberritzeko, 110.000 euro erabiliko dituzte IUPI Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralean jasotako neurriak gauzatzeko. Besteak beste, barandak eta hiri-altzariak osatuko dituzte, zebra-bideak egokitu eta berriak egingo dituzte, arrapalak eta eskailerak moldatuko dituzte, hondakin-bilketa irisgarriago egiteko lanak egingo dituzte eta egokitutako aparkalekuen irisgarritasuna hobetuko dute.

Hiru proiektu idazteko asmoa ere badute, gerora gauzatzeko: udaletxearen eta Barrenkaleren arteko lotura hobetzekoa, San Inazioko biribilguneari dagokiona eta 1. poligonoaren edo postetxearen ingurua berrurbanizatzekoa. Hilerriko irisgarritasuna hobetzeko eta aparkaleku gehiago egiteko, bestalde, 60.000 euroko partida jaso dute.

Herriko eta industriaguneetako errepideak asfaltatzeko kanpaina egingo dute, eta Aginagako N-634 errepide ondoko oinezko pasabidearen zoladura konpontzen hasteko dirua ere aurreikusi dute. Guztira, 170.000 euro bideratuko dituzte bideak hobetzeko.

Haur parkeak, kirola eta kultura

Umeen parkeetako zoladurak eta jolasak berritzeko asmoa ere badu Udalak. IDAEA-CSIC erakundearen azterlan batek kautxuan egon daitezkeen konposatu toxikoei buruz ohartarazi ondoren, material hori kendu eta material naturaleko zoladura amortiguatzaileak jartzea erabaki dute.

Trantsizio ekosozialaren barruan, udal eraikinak babesleku klimatiko bihurtzeko lanak nabarmendu dituzte. Hiru eraikinetan egingo dituzte egokitzapenak: Sutegi liburutegian, Artzabalen eta Aginagako eskola txikian. Guztira, 300.000 euro inguru erabiliko dituzte.

Kulturari dagokionez, Arrobitxulo lizitatu eta eraikitzeko 500.000 euroko partida aurreikusi dute eta kirol arloan, kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, tartean igogailu berria jartzea. Kalistenia parkea ere berrituko dute. Padel pistaren ondorioz lekuz aldatu beharko dute, eta kokaleku berrian aire zabalean ariketa fisikoa egiteko espazioa egokituko dute.

2026-11-10T13:49:14+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo