Gipuzkoa

Urretxuko Aniztasun Jaia maiatzaren 30ean izango da

Gernikako Arbola plazan egingo dute, 10.00etatik 16.00etara
Iazko Aniztasun Jaia. / Gorka Gomez

Urretxuko Udalak Aniztasun Jaiaren 12. edizioa ospatuko du, maiatzaren 30ean (larunbata) Gernikako Arbola plazan, 10.00etatik 16.00etara.

Hori dela eta, Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza zerbitzuak herritarrak jaiaren antolaketa parte hartzera animatu nahi ditu. Bilerak ostegunetan izango dira, 17.00etan udaletxeko portaloian. Lehen topaketa bihar izango da, eta hortik abiatuta jaia iritsi arte ostegunero elkartuko dira.

Ekitaldi horren helburu nagusia Urretxun elkarrekin bizi diren aniztasun guztiak ospatzea da. Ez hori bakarrik: festaren bitartez Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia ezagutzera eman nahi du Udalak, urte osoan isilpean lanean aritzen diren norbanako, kolektibo eta elkarteek osatzen duten lan mahaia. Bertan antola-tzen dira maiatzaren 30ekoa bezalako festak, baina baita lanketa sakonagoak ere.

Festara bueltatuz, urretxuarrei aniztasun ezberdinak ezagutzeko eta ospatzeko aukera emango die. “Aniztasun horiek ospatu beharreko zerbait direla ulertzen dugu, aniztasunak baitira herri bat aberats egiten dutenak. Halako ekintzek, gainera, elkar ezagutzeko eta aurreiritziak gainditzeko aukera bikaina dira”, esan dute Udaletik.

Informazio gehiago behar duenak aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi dezake edo 693 900 568 telefono zenbakira deitu.

Aipatu bezala, Aniztasun Jaia Urretxuko Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiak antolatzen du. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Adibidez, Urretxun Bizi Gara ekimena. Egitasmo horretan Urretxura heldu berri diren bizilagunek parte hartzen dute. Aste batzuetan zehar herriaren, bertako zerbitzuen eta euskal kulturaren berri ematen diete, integrazioa errazteko eta bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen harteko hartu-emana sustatzeko.

Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak egitasmoa ere antolatzen du. Egitasmo horrek euskal sukaldaritza eta mundukoa batzen ditu. Aurten ere lau saio egin dituzte. Parte hartzaileak Goierri kirol elkartearen egoitzan elkartu dira. Erosketak egin ondoren, elkarrekin kozinatu dute. Amaieran, elkarrekin prestatutakoa elkarrekin dastatu dute, familia giroan.

Aurtengo parte hartzea inoizko handiena izan da. “Giro zoragarrian partekatu ditugu bertako eta beste herrialdeetako errezetak. Taldea anitza izan da, zentzu guztietan. Helduak 55 inguru izan dira eta haurrak 16”, esan dute antolatzaileek.

14/04/2026