Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarragako Gabonetako erakusleiho lehiaketa aurkeztu dute

Izena emateko epea 27an itxiko dute eta sariak abenduaren 17an banatuko dira
Maiza, Oriarte eta Luqui, aurkezpen ekitaldiaren ondoren.
Maiza, Oriarte eta Luqui, aurkezpen ekitaldiaren ondoren. / Zumarragako Udala

Urretxuko eta Zumarragako udalek Gabonetako Erakusleiho Lehiaketaren 21. edizioa aurkeztu dute Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenean Rosa Maiza Zumarragako Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Itziar Oriarte Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteko ordezkariak parte hartu dute.

Lehiaketan Urretxu eta Zumarragako merkataritza establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko epea joan zen ostiralean ireki zen eta azaroaren 27ra arte egongo da zabalik.

Aurten erakusleihoak ikusgai egoteko epea luzatu da. Azaroaren 27an hasiko da eta abenduaren 17ra arte iraungo du. Horrela, parte hartzen duten establezimenduek azaroaren amaieratik aurrera kaleetan Gabonetako giroa sortzen lagunduko dute.

2026ko edizioak berrikuntzak dakartza sarietan ere. Aurten, herriko dendetan erabiltzeko erosketa bonuen aldeko apustua egin da. Hiru sari nagusi izango dira, 300, 200 eta 100 eurokoak. Horiez gain, Herritarren Saria ere izango da, 100 eurokoa. Sari guztiek dagokien diploma izango dute, eta epaimahaiak aipamen berezi bat edo batzuk ere eman ahal izango ditu.

Herritarren Saria Bi-Tartean merkatarien elkarteak kudeatuko du. Elkarteak herritarren parte hartzea ahalbidetuko du, abenduaren 15era arte zabalik egongo den bozketa sistema baten bidez. Gainera, botoa ematen duten pertsona guztien artean, Bi-Tartean elkarteko establezimenduetan erabiltzeko 100 euroko bonu bat zozkatuko da.

Lehiaketan parte hartzen duten saltokiek bereizgarri bat izango dute beraien erakusleihoetan, herritarrek erraz identifikatu ahal izan ditzaten eta herritarren sariaren bozketan parte hartzea errazteko.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat sari banaketaren ordutegia izango da. Ekitaldia abenduaren 17an izango da, 20:15etik aurrera, Urretxuko udaletxeko portaloian. Ordutegi aldaketa horren bidez, merkatarien parte hartzea erraztu nahi da.

Sari banaketa ekitaldian bertan jakinaraziko dira establezimendu irabazleen izenak, eta sari banaketa ekitaldia amaitu ondoren, bertaratutakoentzat mokadu txiki bat eskainiko da.

Urretxuko eta Zumarragako udaletako ordezkariek hurbileko merkataritza indartzen laguntzen duten ekimenetan elkarlanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuten. Maizak eta Luquik merkataritza establezimenduak lehiaketan parte hartzera animatu zituzten, eta herritarrei kaleetan barrena ibiltzeko, erakusleihoez gozatzeko, herritarren bozketan parte hartzeko eta Gabonetako erosketak tokiko saltokietan egiteko gonbita luzatu zieten.

Parte hartu nahi duten establezimenduek Urola Garaiko merkataritzako bulego teknikoan eman ahal izango dute izena, Urretxuko Labeaga kaleko 56. zenbakian, 747 48 61 52 telefonoaren bidez edo merkataritza.urolagaraia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

2026-11-16T17:11:30+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo