Actualizado hace 5 minutos
Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat eman du Gasteizko etxebizitza-parke publikoa handitzeko, Salburua auzoko Arkaiaten alokairuko 162 BOE eraikitzen hasi baita. Visesak sustatutako jarduketa Alokabidek kudeatuko du, eta, horri esker, alokairu babestuko etxebizitza berriak sartu ahal izango dira, gaur egun, Bilborekin batera, Eusko Jaurlaritzak eraikitzen ari den 10 etxebizitza eta apartamentutik 6 baino gehiago biltzen dituen hirian. Lehenengo harria jartzeko ekitaldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Borja Rodríguez Hiri, Hirigintza eta Etxebizitza Ereduko zinegotzia eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia izan dira. Pedro Apaolaza y Asociados SL proiektuaren erredakzio-taldeko ordezkariek eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL eraikuntza-enpresako ordezkariek ere parte hartu dute.
Hedabideen aurrean egindako hitzaldian, Itxasok iragarri du sustapena “2028aren amaierarako” bukatuta egongo dela, eta “2029. urtearen hasieran emango zaiela esleipendunei”. Ildo horretan, sailburuak gogorarazi du gaur eraikitzen hasi diren 162 etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Salburuan etxebizitza babestua garatzeko sinatutako lehen lankidetza-hitzarmenaren parte direla. Hitzarmen horrek 1.002 etxebizitza aurreikusten ditu, eta horietatik 318 amaitu eta entregatu dira dagoeneko, eta beste 387 eraikitzen ari dira. “Hau da, hitzarmenaren bi heren errealitate bat dira dagoeneko”, adierazi du. Gainerako 297ak, berriz, esleitutako proiektua duten sustapenei dagozkie, eta horien obra-lizitazioak datozen hilabeteetan aktibatuko dira.
Akordio horri bigarren hitzarmen bat gehituko zaio —orain izapidetze-fasean dago eta 2027aren hasierarako sinatzea aurreikusita dago— eta beste 950 etxebizitza aurreikusten ditu, batez ere Zabalganan, eta 250 eta 300 zuzkidura-apartamenturekin osatu ahal izango da Zabalganako eta Lakua-Ibaiondoko lurzoruetan. Horri esker, akordio berriaren irismen potentziala 1.250 bizitegi-baliabide berriraino handituko litzateke. “Horrek erakusten du lurzoruak lagatzen zaizkigunean Jaurlaritzak bere makineria guztia martxan jartzen duela proiektuak ahalik eta lasterren gauzatzeko”, adierazi du Itxasok.
Horrela, bi akordioek epe ertainerako lankidetza-estrategia bat finkatzea ahalbidetuko dute. Estrategia horrek 2.000 egoitza-baliabide berri baino gehiago biltzen ditu Gasteizko hedapen-eremu nagusietan, eta alokairuko etxebizitza babestuan du ardatz nagusietako bat. “Zifra horiek zerikusi handia dute erakundeen arteko konplizitatean eta lankidetzan oinarritutako lan egiteko modu batekin, lurzoru publikoa etxebizitza babestu bihurtzeko aukera ematen baitu”, azaldu du Itxasok, eta unea aprobetxatu du Arabako hiriburuko Udalak lursail finalistak doan lagatzeko garatutako politika bereziki balioesteko. Sailburuak onartu du urteetan zehar izandako politika horri esker alokairuko etxebizitza babestuen eraikuntza ez dela gelditu Gasteizen, eta gaur egun etxebizitza-merkatuaren tentsioari aurre egiteko parke publiko zabalagoa izaten lagundu duela.
BALORAZIOA
Bestalde, alkateak azaldu duenez, "etxebizitzaren arazoaren konplexutasunak merkatu librearen tentsioei erantzungo dieten politika publiko erabakigarriak eta egonkorrak eskatzen ditu. Hori da gaur hemen egiten ari garena. Gasteizek Euskadin etxebizitza eskuragarrien eraikuntzaren aitzindari izaten jarraitu behar du".
Etxebarriak txalotu egin du indarrean dagoen etxebizitza-hitzarmenak "abiadura" hartu duela, eta nabarmendu du bi erakundeek "formula ezagun bat" dutela, "lankidetzan, lurzoru finalistaren lagapenean —makinak iristeko prest— eta gure agendan lehentasunezkoa den arazo global bati aurre egiteko abantaila fiskaletan oinarrituta". Alkateak gaineratu duenez, lan egiteko modu horrek "zentzuzkoena dirudi, kontuan hartuta bizitegien irisgarritasunak bizi-proiektuei eragiten diela, familiaren ekonomian eragina duela eta baliabide gutxien dituen jendeari eragiten diola, baina baita klase ertainei ere".