Gipuzkoa

Sagardo Astearen 25. edizioa ospatzen ari dira Ezkioko Igartubeiti baserrian

Dolarea martxan jarriko dute, antzerki saioak egingo dituzte eta bertan bazkaltzeko aukera izango da
Libe Otaegi, Marijose Telleria, Joseba Telleria, Olatz Mitxelena eta Kizkitza Ugarteburu.
Libe Otaegi, Marijose Telleria, Joseba Telleria, Olatz Mitxelena eta Kizkitza Ugarteburu. / Asier Zaldua

Actualizado hace 3 minutos

Gaur goizean Ezkioko Igartubeiti baserri museoko Sagardo Astearen 25. edizioa aurkeztu dute. Ekitaldian Marijose Telleria Kultura zuzendariak, Libe Otaegi Turismo zuzendariak, Joseba Telleria Ezkioko alkateak, Olatz Mitxelena Sagardoa Routeko arduradunak eta Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunak parte hartu dute.

Sagardo Astea gaur hasi da eta hilaren 17an bukatuko da. Urteroko moduan, Sagardo Astean bakarrik ikusi ahal izango da martxan Igartubeitiko dolarea. Horretaz gain, trikitixa saioak, antzerkia, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak izango dira. Gainera, larunbaterako eta iganderako festa berezia antolatu dute, Igartubeitiren zaharberritzearen 25. urteurrena dela eta. Bisitariek bertan bazkaltzeko aukera izango dute eta bazkalostean trikitilariek joko dute:larunbatean Arandia anaiek eta igandean Elustondo anai-arrebek.

Igartubeitiko dolarea gaur jarri da martxan lehenengoz. Ostegunean, ostiralean eta hilaren 13, 14, 15 eta 16an ere martxan jarriko da, 11.30ean. Larunbatean, igandean, astelehenean eta hilaren 17an ere martxan jarriko dute, baina kirikoketa erritmora. 12.00etan, hain zuzen ere. Kirikoketa sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. Sagar-jotzaile taldea Juan Mari Beltran Euskal Herriko musikaren ikertzaileak eskainitako mintegi baten eskutik sortu zen. Saio hura Igartubeitik antolatu zuen.

Antzerki saioei dagokienez, Urretxu eta Zumarragako Karmakros taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak eskainiko dituzte. XVII. mende hasieran Igartubeitin nola bizi ziren antzeztuko dute. Hamabi saio izango dira:urriaren 10ean eta 17an 10.45ean gazteleraz, 11.15ean euskaraz eta 11.40ean gazteleraz eta urriaren 11n eta 12an 10.45ean euskaraz, 11.15ean gazteleraz eta 11.40ean euskaraz.

Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek zenbait erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketak mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino. Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, erakusketak agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua. Egunotan, Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere ikusi ahal izango da.

Bukatzeko, larunbatean eta hilaren 17an Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua eskainiko da. Bisitak gazteleraz izango dira, 17.00etan.

Ekintza hauetako guztietako plazak mugatuak dira. Hori dela eta, aurrez izena eman behar da, 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 telefono zenbakira deituta edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Etiquetas
2026-10-07T16:39:08+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo