Gipuzkoa

Poesia Kaiak bi hitzordu izango ditu aurten Lezon

Oihane Zuberoa Garmendiaren solasaldi poetikoa eta hiru poetaren errezitaldia antolatu dira
Aurtengo Poesia Kaiaren aurkezpena. / N.G.

Azaroaren 19an eta 21ean izango dira Lezon Poesia Kaiaren jaialdiaren bi hitzorduak, Balea Zuriak antolatuta eta Lezoko Udalaren laguntzarekin, olerkigintzaren jaialdiaren seigarren edizioa izango da aurtengoa.

Aitzol Saizar Lezoko Udaleko kultur zinegotziak, Ainhoa Salaberria kultur teknikariak eta Juan Ramon Makuso poetak xehetasun guztiak azaldu dituzte aurkezpenean.

Saizarrek adierazi duenez, jaialdiaren helburua poesia herritarrengana gerturatzea eta Lezon disziplina kultural anitzeko eskaintza sustatzea da. Halaber, Lezoko Udalak jaialdiarekin duen konpromisoa berretsi du, eta horretarako eragileekin elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du: "Horrelako ekimenak aurrera eramateko ezinbestekoa da profesionalen jarrera eta poesia gertutik bizi dutenen bultzada, horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu Juan Ramon Makuso eta Balea Zuria talde guztiari, beste behin herrian jaialdi hau antolatzeagatik".

Egitaraua

Ainhoa Salaberria kultur teknikariak egitarauaren berri eman du. Lehen hitzordua azaroaren 19an izango da, 19:00etan, Kultura Aretoan. Oihane Zuberoa Garmendiak Zergatik eta zertarako irakurri Rilke solasaldi poetikoa eskainiko du. Bigarren saioa, aldiz, azaroaren 21ean izango da, 19:00etan, Gezala auditoriumean.

Poesia-errezitaldian parte hartuko dute Raquel Santanera Vila poeta katalanak, Elena Sánchez bizkaitarrak eta Iban Garro Alzurik, Bortzirietako poetak. Bakoitzak bere hizkuntzan errezitatuko du, eta poemak itzulita banatuko dituzte bertaratzen diren pertsonen artean. Jon Imanol Etxabe tenoreak eta Jon Makuso Arrizabalaga biolin-jotzaileak musikaz lagunduko dute saioa.

Salaberriak gogorarazi duenez, "bi hitzorduak doakoak eta herritar guztiei irekiak izango dira, beraz, lezoarrak zein inguruko herritar oro gonbidatu nahi ditugu bi hitzorduetan parte hartzera".

Azkenik, Balea Zuriako Juan Ramon Makusok poesiaren eta kulturaren eraldatzeko gaitasuna nabarmendu du, eta lezoarrak jaialdira erakartzeko nahia azaldu: «kultura behar dugu gure burmuinak astintzeko, eta poesia, batez ere, iraultzailea izan daiteke».

18/11/2026