Goiza oso lainotua hasi zen arren, Buruntzaldeak San Isidrorengatik antolatutako ekintzak hasterako, ostarteak ireki ziren. Hala eta guztiz ere, hainbat ekitaldi lekuz aldatu ziren.
Esaterako, Hernanin goizeko egitarau osoa udaletxeko arkupetan burutu ziren. Ekitaldi nagusia, Perrapa baserriari eskaini zioten omenaldia izan zen, belaunaldiz belaunaldi, dagoeneko bost, baserritik bizitzen jarraitu duen familiaren ibilbidea aitortuz.
Omenaldiaren hasieran, Xabier Lertxundik, alkateak, gogorazi zuenez, baserriak ofizialki Lepatxiki izena duen arren, herrian Perrapa edo Perropa izenez ezagutzen da, garai batean herriko ferratzailearen etxea izan zelako. Eta baserriak Perropa izena mantentzea erabaki zuen eta marka horrekin saltzen ditu bere ekoizpenak.
Belaunaldi transmisioa ziurtatuta
Urte luzez esne behiekin jardun ondoren, gaur egun haragitarako behien ustiapenean eta salmenta zuzenean oinarritzen dute jarduera. Ekoiztutako produktuak herrian bertan eraldatzen dituzte, Bertatik egitasmoaren bidez, tokiko kontsumoa eta hurbileko ekoizpena sustatuz. Martxan jarri duten azkeneko negozioa zuzeneko salmenta izan da eta familiarentzat oso garrantzitsua da bezeroekin harremana izatea.
Aitortza jaso zutenak Kontxi Zubiondo eta Joxe Ramon Amonarriz izan ziren, baita baserriaren lekukoa hartu duten haien seme-alabak ere: Uxue Amonarriz eta Ander Amonarriz. Eta belaunaldi transmisio hau ere balorean jarri zuen alkateak, batez ere baserrientzako ez direlako garai xamurrak.
Hortaz, Udalaren aitortzak belaunaldien arteko transmisioa, lehen sektorearekiko konpromisoa eta tokiko ekonomian egindako ekarpena nabarmendu nahi izan zituen.