Actualidad

“Korrikan erakutsiko dugu herri baten borroka dela azterketak euskaraz egitea”

Ipar Euskal Herriko hizkuntza eskubideak aldarri izango dira bihar Irundik Baionara abiatuko den Korrikan
Seaskak Frantziako hizkuntza politiken aurka deitutako manifestazio baten irudia.
Seaskak Frantziako hizkuntza politiken aurka deitutako manifestazio baten irudia. / Iker Azurmendi

Korrikak bere 23.edizioan Azterketak euskaraz kolektiboa omenduko zuela aditzera eman zuenetik elkartasun “mezu andana” iritsi zaie ekimenaren bultzatzaileei. Orain arte egindako lanaren “aitortzaz” gain, beren arazoa “azaldu, ulertarazi eta erakusteko” erakusleihoa izango da bihar Irundik abiatuko den Korrika.

Hala dio Seaskako lehendakari den Peio Jorajuriak, Pariseko gobernuak hizkuntza eskubideen aurkako politikak deitoratuz. Izan ere, luzetik dator kolektibo honen borroka. Seaskako ikasleek D ereduan, euskaraz, gauzatzen dute ikasketa prozesu guztia. Derrigor egin behar dituzten bi azterketak berriz, Brebeta, DBH3 bukatuta egiten duten froga, eta Baxoa, Batxilergoa bukatzean ikasleek pasa behar duten azterketa , Hegoaldeko selektibitatearen parekoa, frantsesez egitera behartzen dituzte.

Hizkuntza eskubideen urraketa gisa definitzen du Jorajuriak, eta horri buelta emateko “ahal diren sostengu guztiak bildu behar” dituztela azpimarratzen du. Horretarako Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko presidenteak “Aek-ren aukera hau gure aldarrikapenak plazaratzeko beharrezko” gisa definitzen duelarik . Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera Azterketak euskaraz kolektiboa osatzen dute duela hiru hamarkada, eta beren borroka luzetik datorren arren, azken urteetan gainera, atzerapenak egon dira.

“Euskarazko irakaskuntza atzeratzeko pausuak” izan dira, baina hala ere, Seaskako lehendakariak borrokan jarraituko dutela azpimarratzen du. Eta hori da hain zuzen ere Korrikak omendu nahi izan duen lana. Azpimarratzen dutenez, ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, “azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen dieten horretan, ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez. Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko hiru hamarkadan Azterketak Euskaraz egitea aldarrikatzeko lana”.

Eta beren lana aitortzen du Aek-k: “Herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik”.

Pariseko gobernuaren erabakia kritikatzen du Jorajuriak, izan ere, “bi azterketak aski garrantzitsuak dira eta guk lortu dugu gai guztiak irakasteko eskubidea. Baina atzerapenak badira azken urteetan eta azterketa egunean frantsesez egitera behartu nahi dituzte gure ikasleak. Hori onartezina zaigun zerbait da”. Lehendakariaren aburuz, ikasleak zigortzen ditu Frantziako gobernuak, eta helburua argia da: “Baitakigu neurri horiek eginak direla euskarazko irakaskuntza atzeratzeko”.

Nahiz eta iaz lortu zuten ikasleek brebeta osoki euskaraz izatea, “Seaskako ikasleentzat bakarrik da, eskola publikoko ikasleek debekatuta dute euskaraz egitea zientzietako proba”.

Eta baxoan euskarak ez du tokirik azken urteetan. Horrek ikasleen egoera zailtzen du, baina bereziki “hizkuntza politika mintzen du”. Zergatik? “Biziki zaila baita garatzea euskarazko irakaskuntza ikasleak zigortuak direlarik”, Seaskako lehendakariaren aburuz. Arazoa, Jorajuriaren hitzetan ez da ikasleek frantsesa ez menperatzea, baizik eta euskararen aurkako erasoa. “Gure ikasleak gai dira bi hizkuntzetan egiteko froga, eta hainbatetan frogatu dugu. Biak menperatzen dituzte. Baina ez da zilegi, deserosotasun handia sortzen du ikasleengan, beldurra sortzen du. Behartu nahi dituzte prestaketa frantzesez egitera. Oinarrizko eskubidea da azterketak euskaraz egitea, eta urratzen dute. Euskaraz irakasten dugu euskara menperatu dezaten ikasleek eta hori oztopatu nahi dute”.

Herriaren babesa

Gauzak horrela, Korrikari esker hamaika egunez egongo den babesa gailentzen du Jorajuriak, “kilometroz kilometro izanen diren sostengu horiek baliatuko ditugu erakusteko ez direla bizpahiru guraso eta lau ikasleren borroka, baizik eta harro den herri bat dela horretan borrokan ari dena”. Izan ere, Peio Jorajuriak argi du “herriaren babesa badugula”, horregatik etorkizunari begira, “orain hori Parisen erakutsi behar dugu, bertako gobernuarekin baitago azterketekin dugun arazoa”, amaitzen du Seaskako presidenteak.

Dokumentala

‘Oihaletxea’. 23. Korrikak euskarak Iparraldean jasaten duen jazarpena salatu nahi izan du aurten. Azterketa ofizialak Iparraldean euskaraz egiteko ikasleek dituzten arazoak ikustarazteko ‘Azterketak euskaraz’ mugimendua omendu. Eta ezagutzen laguntzeko Lander Garrok ‘Oihaletxea’ dokumentala sortu du, Seaskako ikasle, familia zein irakasleen testigantzak jasoz.

2024-03-14T06:14:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo