Lorenzo La Palma uharteko Tijarafe herrikoa da. “Nire herria oso txikia da. 2.000 biztanle ditu. Nahiko polita da. Banana asko daude. Nekazari herria da. Nire senitartekoek ere banana laborantzan lan egiten dute”, azaldu du.
Bere ametsa medikua izatea zen, ordea. “Betidanik nahi nuen medikuntza ikasi. Pertsonekin hitz egitea gustatzen zait eta medikua izatea pertsonak ezagutzeko eta beraiei laguntzeko aukera polita da. Gainera, nire ama erizaina izan zen. Nire birraitona, berriz, belagilea izan zen. Belagileak garai bateko medikuak ziren eta bere eraginez egin naizela mediku pentsatzea gustatzen zait”.
La Lagunako unibertsitatean egin zituen ikasketak, Tenerifen. Familiako medikuntza egitea erabaki zuen. “Baserritarra naiz eta niretzat oso garrantzitsua da herriko medikua izatea, herria ezagutzea… Jendeak ez daki oso ondo gure lana zein den. Paracetamola ematera mugatzen garela uste dute. Beste espezialitate batzuek ospe hobea dute, baina familiako medikua oso garrantzitsua da. Galbahe handia egiten dugu. Familiako medikua izateko, mediku ona izan behar zara. Medikuntzaz asko ez badakizu, ezin duzu galbahe lana egin. Iragazki lan hori ondo egiten badugu, osasun sistema publikoak diru asko aurrezten du. Oso harro nago familiako medikua izateaz. Gainera, baserritarra naiz eta oso ondo dakit zer den periferiakoa izatea eta zein garrantzitsua den herrian mediku ona izatea. Familiako medikuak garrantzi handia du jendearen bizi kalitatean. Prebentzio lana guk egiten dugu”.
Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. “Nire aitak euria ikusi nahi nuelako aukeratu nuela Euskal Herria esaten du. La Palman hemen baino euri gutxiago egiten du. Nekazariak garenez, euria oso garrantzitsua da guretzat. Hona etorri nintzenean, horrenbeste egunetan euria ikusteak lasaitasuna eman zidan: lasai egon naiteke, barazkiek eta frutak ura dute. Aitak euriagatik galdetzen dit deitzen diodan guztietan”.
Euskal Herrira etortzearen benetako arrazoia ez zen hori izan, noski. Euskal Herriaren eta Kanarien artean antzekotasunak ikusten dituelako eta hemengo osasun sistemak ospe ona duelako etorri zen Euskal Herrira. “Ez nuen Euskal Herria ezagutzen eta ezagutzeko gogoa nuen. Izan ere, hemengo osasun sistema oso ezaguna da. Gainera, Kanariek eta Euskal Herriak harreman berezia dute. Lotura dute. Antzekotasunak dituzte. Bai Kanariek eta bai Euskal Herriak baserri mundutik abiatuta eraiki dute beraien identitatea. Kanarietan, kolonizazioa dela eta, zaila zaigu gure nortasunari eustea. Identitatearen eraikitze horretan, Euskal Herria eredugarria da guretzat”.
2023n heldu zen Euskal Herrira. Zumarraga aukeratu zuen. “Ospitale txiki batean lan egin nahi nuen. Nire ustez familiako medikuntza egiteko aukera onena da. Gipuzkoak nortasun interesgarria du eta Zumarragako eta Mendaroko ospitaleei buruzko informazioa bildu nuen. Bi ospitaleetako barruko mediku egoiliarrekin hitz egin nuen eta Zumarragara etortzea erabaki nuen”
Ez zegoen euskara ikastera behartuta, baina ikastea erabaki zuen. “Barruko mediku egoiliar azterketa egiteko ez da beharrezkoa euskara jakitea, baina euskara hemengo hizkuntza da eta hemen bizitzeko eta hemengo jendea hobeto ezagutzeko oso garrantzitsua da bertakoen ama hizkuntza hitz egitea. Pazienteekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Harremana hobea da beraien ama hizkuntzan hitz egiten badiezu”.
Urretxu eta Zumarrgako udal euskaltegian oso giro ona dutela dio eta irakasleei eskerrak eman nahi dizkie. “Irakasleak oso onak dira. Egunero joan beharra gogorra da, baina prozesua oso polita da. Ingurukoek prozesuan parte hartu dute, lagundu egin didate, dendetan ere euskaraz hitz egiten dute nirekin… Herri guztiak parte hartu duen sentsazioa dut. Oso eskertuta nago. Euskara jakingo ez banu, nire bizitza oso ezberdina izango litzateke. Euskara ikasteko prozesuan harreman asko egin ditut”.
Pazienteei euskaraz egiten die eta hauek asko pozten dira horregatik. “Euskaraz hitz egitea eskertzen dute. Paziente batek negar egin zuen, beste batzuek besarkatu egin naute…”.
Oso gustura dago Euskal Herrian eta lagun asko egin ditu. “Mendira joatea gustatzen zait. Baita herri txikietara joatea ere. Iaz Zuberoako inauterietan izan nintzen. Asko gustatu zitzaidan. Euskal kultura ezagutzea gustatzen zait, Arantzazuko santutegia asko gustatzen zait... Ez naiz aspertzen. Kuadrilla ezberdinetan lagunak ditut, gainera”.
Euskal Herrian oso gustura dagoen arren, bere jaioterrira itzultzeko asmoa du. “Bi urte falta zaizkit barruko mediku egoiliar azterketa egiteko. Kanarietara itzultzeko asmoa dut. Ikasitakoa nire herriari eskaini nahi diot. Gure osasun sistema ez da hemengoa bezain ona eta lagundu egin nahi dut”.