Buscar
Gipuzkoa

Pasaia-Lezo Lizeoa, 50 urtez euskara eta komunitatea indartzen

Ekainaren 6an bere ibilbideari aitortza egin eta etorkizunerako indarrak bilduko ditu festa batean
Bost urteko haurren emanaldia.
Bost urteko haurren emanaldia. / N.G.

Pasaia-Lezo Lizeoak ekainaren 6an ospatuko du bere 50. urteurreneko ekitaldi sozial nagusia, eta Pasai Antxo bihurtuko da egun horretan egungo eta lehengo komunitatearen topagune. Berriki egindako aurkezpenean ikastolako ordezkariek azaldu zutenez, ospakizunak helburu bikoitza izango du: azken bost hamarkadetako ibilbidea aitortzea eta etorkizunari begira indarrak biltzea. Urteurrenaren aurkezpenean parte hartu zuten, besteak beste, Nekane Artola, Iker Vidal, Irune Sánchez eta Aitor Salaberria.

Antolatzaileen arabera, urteurrena ez da soilik ospakizun instituzional bat izango; herrigintzaren, euskalgintzaren eta hezkuntzaren inguruan sortutako komunitate baten aitortza kolektiboa ere izan nahi du. Iker Vidalek azaldu zuenez, urteurrenak hiru ardatz izango ditu: aitortza, ekarpena eta harrotasuna. 

Alde batetik, ikastolaren sorrera eta garapena posible egin zuten herritarren lana aitortu nahi dute; bestetik, Lizeoak badiaren euskalduntzean egin duen ekarpena azaleratu; eta, azkenik, euskaldun izatearen harrotasuna indartu.

Ospakizunaren egitaraua

Ekainaren 6ko ospakizunak 11.00etan hasiko dira, erraldoi eta buruhandien kalejirarekin eta promozioen arteko elkartzearekin. Eguerdian, 12.00etan, ekitaldi nagusia egingo da Antxoko Biteri plazan, eta antolatzaileek aurreratu dute hainbat sorpresa izango direla bertan. Egunaren helburua izango da komunitate osoa elkartzea: gaur egungo ikasleak, irakasleak, gurasoak, langile ohiak eta urte hauetan guztietan ikastolarekin lotura izan duten herritarrak.

Egitarauaren kartela.

Egitarauaren kartela. N.G.

Ondoren, 14.00etan, bazkari herrikoia egingo dute Ibaiondo pilotalekuan. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude ikastolaren webgunearen bidez: helduen menuak 22 euro balio du, eta haurrenak 12 euro. Izena emateko epea maiatzaren 27an itxiko da. Antolatzaileek ohartarazi zuten txartelen salmenta martxan dela dagoeneko, eta parte hartu nahi dutenek lehenbailehen izena ematea gomendatu zuten.

Arratsaldeko egitarauan musika izango da protagonista. Andoni Ollokiegik kontzertua eskainiko du bazkalostean, eta Elektrotxufla taldeak giroa luzatuko du, familia eta belaunaldi ezberdinak dantzan jarriz.

Historia

Urteurrenaren harira, ikastolak azken bost hamarkadetako historia ere gogora ekarri nahi izan du. Nekane Artolak azaldu zuenez, Pasaia eta Lezoko hainbat auzotan sortutako ikastola txikien elkarlanetik jaio zen gaur egungo Lizeoa. 1976an Donibaneko eraikina bihurtu zen badiako ikastolen aterpe nagusi, eta ordutik hainbat eraldaketa bizi izan ditu proiektuak, besteak beste 2003an kooperatiba integral bilakatzea eta euskal curriculumaren garapenean egindako lana.

Antolakuntzako ordezkariak, aurkezpenean.

Antolakuntzako ordezkariak, aurkezpenean. N.G.

Lizeoko arduradunek azpimarratu zuten urteurren hau abagune aproposa dela egindako bidea balioan jartzeko eta etorkizunari begira komunitatea aktibatzeko. Haien esanetan, gaur egungo erronka nagusien artean daude euskararen erabilera indartzea, gazteen ahozkotasuna hobetzea, herri nortasuna sendotzea eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean jarraitzea.

Aitor Salaberriak adierazi zuenez, belaunaldiz belaunaldi transmititutako “euskaraz bizitzeko kemena” izan da Lizeoaren oinarrietako bat. Horregatik, ekainaren 6ko ospakizuna iraganari aitortza egiteaz gain, datozen hamarkadetarako konpromisoa berritzeko une ere izango dela nabarmendu zuten antolatzaileek.

2026-05-12T20:51:32+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo