Gipuzkoa

Palestinaren aldeko erakusketa eta kontzientziazio saioak antolatu dituzte Orion

Astearte honetan zabalduko da eta bisitatzeko azken eguna 30a izango da
Palestina Oriok antolatu duen erakusketaren kartela. / N.G.

Palestinako herriaren egoera gogora ekartzeko eta herritarrak sentsibilizatzekok erakusketa zabalduko dute Orioko kultur etxean astearte honetatik aurrera. Ekitaldiaren irekiera ofiziala egun horretan bertan izango da, eguerdiko 12.00etatik aurrera. Erakusketa bisitatzeko azken eguna apirilaren 30a izango da.

Arratsaldez, filmak

Nagusiki, erakusketa argazkiz osatuta dago. Bisitariek Palestinako egungo errealitatea gertutik sentitu dezaten, hango egoera irudikatzen duten hainbat elementu ere jarriko dituzte Orioko kultur etxean. Gainera, informazioa osatzeko, egunero arratsaldez Palestinako egoerari buruzko film bat proiektatuko da aretoan.

Erakusketaren kartela N.G.

Erakusketa apirilaren amaierara arte egongo da zabalik. Ordutegiak hauek izango dira. Goizez, 11.00etatik 13.00etara egongo da irekita. Ordu horietan ikastetxeetako ikasleentzat bideratutako saioak egingo dira. Arratsaldez, 17.30etik 19.30era irekiko dute erakusketa. Herritar guztientzako izango da irekita ordu horietan. Asteburuan erakusketa itxita egongo da.

Egoerak latza izaten jarraitzen du

Palestina Orio elkarteko kideek azpimarratu dutenez, "Palestinaren egoerak oso latza izaten jarraitzen du gaur egun ere". Hori dela eta, herritar guztiei dei egin diete kultur etxera hurbil daitezen, palestinarrekiko elkartasuna adierazteko eta gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa sakona egiteko.

20/04/2026