Gipuzkoa

Oskarbik bere 60. urteurrenean Solasaldi Musikatua eskainiko du Pasaian

Azaroaren 8an izango da emanaldia Antxoko San Fermin elizan eta gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira
Oskarbi taldearen argazkia.
Oskarbi taldearen argazkia. / N.G.

Actualizado hace 2 minutos

Pasaiako Solasaldi Musikatuak bueltan dira, eta itzulera berezia izango dute aurten: Oskarbi taldearen 60. urteurrena ospatzeko saioa antolatu dute. Azaroaren 8an, 19.00etan, izango da hitzordua, Pasai Antxoko San Fermin elizan. Musika eta elkarrizketa uztartuko dituen emanaldiak taldearen sei hamarkadako ibilbidea ezagutzeko eta haren kantuez gozatzeko aukera eskainiko du.

Kontu Kantari, Pasaiako Solasaldi Musikatuak egitasmoak artisten eta taldeen musika, bizipenak eta pasadizoak gerturatu nahi dizkie herritarrei. Horretarako, zuzeneko emanaldiak eta solasaldia tartekatzen dituzte saio bakoitzean, aurkezle baten gidaritzapean. Oraingo honetan, Luisma Laboa kazetariak hartuko du gidaritza, Oskarbi taldeko kideekin batera.

Emanaldirako sarrera doakoa da, baina edukiera mugatua denez, gonbidapena aldez aurretik eskuratu behar da. Horretarako, Bibe.me plataformara jo behar da.

Lau ataletan banatutako saioa

Azaroaren 8ko hitzorduan hamar taldekide igoko dira oholtzara, kantuan eta musika jotzen. Emanaldiak lau atal izango ditu, taldearen historiako hainbat garai eta erreferentzia ardatz hartuta: Oskarbiren hasierak, Gandiagaren ekarpena, Xirimiri-Mendira naiz eta aurten argitaratutako Gipuzkoa-Donemilia azken diskoa.

Horrela, taldearen sorreratik gaur egunera arteko ibilbidea errepasatuko dute, musika eta solasaldia uztartuz.

1966ko azaroan sortu zen Oskarbi, Pasai Antxon, Euskal Pizkundearen eta euskal kantagintza berriaren testuinguruan. Lau urtez Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zen, eta Luis Romerok zuzendu zuen taldea zortzi urtez, 1968tik 1976ra. Hasierako urte haietan Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga ezagutzeko aukera izan zuten; biak ala biak eragin handikoak izan ziren taldearen sormen-ibilbidean.

Sei hamarkada geroago, Oskarbik kantu berriak sortzen eta herri kantak zabaltzen jarraitzen du. Hamahiru disko argitaratu ditu, azkena aurten, eta ia mila kontzertu eskaini ditu bere ibilbidean. 50 bat musikari igaro dira taldetik, eta egungo taldean hasierako hiru kidek jarraitzen dute.

Etiquetas
2026-11-02T20:33:10+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo