Hamalau urte kanpoan eman ostean, Euskal Herrian lan egitea beti izan du amets, eta aurten mugarri berezi bat bete du: 61. Durangoko Azokako kartela sortzea. Adimen artifizialaren garaiotan eskuzko lanaren eta kulturaren aldarrikapena egin du Landako Gunean ikusgai egongo den lanean
Andoni Beristain Zumarragakoa da, baina urteak eman ditu Bartzelonan diseinu grafikoa eta argazkilaritza uztartzen. Duela bost urte Donostiara itzuli zenetik, bertatik bertara dihardu sormenaren munduan. Istorioak kontatzeko modu ugari daudela sinetsita, ikuslea konektatzea, galderak piztea eta askotan normaltzat jotzen ditugun gauza eder horiei beste begirada batez erreparatzea du helburu.
Orain, hamalau urte kanpoan eman ostean, Euskal Herrian lan egitea beti izan du amets, eta aurten mugarri berezi bat bete du: 61. Durangoko Azokako kartela sortzea. Koloreak, konposizioa eta eguneroko objektuak baliatuz, adimen artifizialaren garaiotan eskuzko lanaren eta kulturaren aldarrikapena egin du Landako Gunean ikusgai egongo den lanean. Abenduaren 4tik 8ra Landako Gunea jantziko duen lanaren atzean dagoen prozesuaz eta adimen artifizialaren erronkez mintzatu gara berarekin.
Euskal Herria eta bertako esperientziak zure sormenaren sustrai dira. Zer esan nahi izan du zuretzat 61. Durangoko Azokaren iruditeria sortzeak?
Niretzat kristona izan da. Beti esaten dut Euskal Herriarentzat lan egitea oso garrantzitsua dela niretzat, eta izugarri hunkitu ninduen deia jasotzeak. Azkenean, 14 urte eman nituen Bartzelonan, eta handik beste herrialde batera joateko zorian egon nintzen, baina beti neukan buruan etxean lan egiteko gogoa. Mezu elektronikoa jaso nuenean poz handia hartu nuen, beti eduki dudalako buruan egunen batean Durangoko Azokarako iruditeria egitea.
Diozunez, zuzenean deitu zizuten enkargua egiteko. Nola heldu zenion prozesuari eta zein izan zen abiapuntua?
Bai, zuzenean deitu zidaten, eta hortik aurrera buruari bueltaka hasi nintzen. Berehala etorri zitzaidan ideia hau burura: bizi dugun guztiarekin, adimen artifiziala oso indartsu sartzen ari den garai honetan, aspaldiko tresnak eta tresna analogikoak erabili nahi nituen kultura sortzeko eta aldarrikapen moduko bat egiteko. Guk eskuekin, begiekin eta gorputzarekin sortzen dugu artea; nire ustez, ordenagailu batek prompt baten bitartez botatzen dizuna ez da artea. Hori izan zen nire asmoa, eta Gerediaga elkartekoekin partekatu nuenean asko gustatu zitzaien.
Kartelean eta irudietan idazmakina, kamera analogikoa eta antzeko tresnak ageri dira. Zergatik aukeratu dituzu objektu zehatz horiek?
Historian zehar kultura sortzeko erabili izan diren eta oraindik ere erabiltzen diren tresnak islatu nahi nituen. Baina, horrez gain, Durangoko Azokako gune desberdinei buruz hitz egiteko ere balio izan didate. Azkenean, Azokan espazio asko daude —musika, literatura, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak...—, eta guztiak irudikatzeko aukeratu nituen objektu horiek.
Zure zigilu pertsonala oso nabarmena da proposamen honetan. Nola definituko zenuke zure lan egiteko modua?
Jendeak batez ere objektuekin lan egiteagatik ezagutzen nau. Pertsonekin ere lan egiten dut, baina nire zigilua objektuak, kolorearekin lan egitea eta, batez ere, konposizioa dira. Horrez gain, nire lan pertsonal guztia nire esperientzia pertsonalei buruz hitz egitea da; hortik abiatzen naiz beti halako gauzak sortzeko.
Lehen aipatu duzun bezala, azken boladan kartel-lehiaketetan beti dago aipamen berezi bat adimen artifizialaren inguruan. Diseinatzaile zaren aldetik, nola ikusten duzu egoera hau?
Egia esan, nire ideia izan zen adimen artifizialaren gaiari keinu hau egitea; beraiek ez zidaten eskatu. Niretzat tristea, beldurgarria eta kezkagarria da gertatzen ari dena. Zortea baldin badaukazu, kartel dezente bat ateratzen dizu, eta bestela ez. Bakoitzak bere profesioa eta bere lana egin beharko luke; ez da diseinuan edo argazkigintzan bakarrik gertatzen, idazleentzat ere oso gogorra izaten ari da. Egia da denok erabiltzen dugula era batera edo bestera eta kulturalki sartu den gauza bat dela, baina bakoitzak ikusi behar du noraino erabili nahi duen. Nik, behintzat, ez dut erabiltzen nire artea edo nire lana egiteko.
Gaur egun, dena pantailen bidez eta abiadura bizian kontsumitzen den garai honetan, jendeak badu astia kartel baten xehetasunei erreparatzeko?
Nik uste dut baietz. Azkenean, denok gaude nahiko nazkatuta egun guztian mugikorrarekin eta ordenagailuarekin egoteaz. Horregatik, jendeak gero eta gehiago baloratzen du kalean kartel fisiko bat ikustea edo pantailetatik kanpo gauzak ikustea. Argazkigintzan ere ikusten da hori: kamera analogikoa gero eta gehiago erabiltzen da, argazkilari famatuenek ere berreskuratu dituzte. Grafikoki eta fisikoki egiten diren gauzek gero eta garrantzi handiagoa dute jendearentzat, benetakoa dela ikusteak mugitu egiten gaituelako.
Zumarragakoa zara, baina hamalau urte egin zenituen Bartzelonan diseinua ikasten, irakasten eta lanean. Duela bost urte Donostiara itzuli ondoren, zer eman zizun etapa hark eta nolakoa izan da etxera itzultzea?
18 urterekin joan nintzen ikastera eta, karrera lau urtekoa bazen ere, 14 urte geratu nintzen; arte-zuzendari gisa aritu nintzen lehenengo, eta gero nire estudioa sortu nuen. Asko ikasi nuen, bai klaseak ematen, bai jasotzen, eta bizitzaz ere bai; Bartzelonak begiak ireki zizkidan, eta ondo irekita gainera. Orain, Euskal Herrira itzulita, egia da merkatua txikiagoa dela, baina urteak pasatu ahala gero eta gauza politagoak egiten ari dira. Euskal Herria oso potentea da kulturalki, eta jendea konturatzen ari da diseinuak eta argazkigintzak duten garrantziaz, azkenean begietatik sartzen delako dena.
Abenduaren 4tik 8ra Landako Gunea zure iruditeriaz jantzita egongo da. Zer uste duzu sentituko duzula zure lana bertan ikustean, eta zer esango zenioke bisitariari?
Emozio handia. Prentsaurrekoan bost kartelak batera ikustea kristona izan zen, eta ziur nago Azokako egunetan malkoren bat ere botako dudala. Bisitariari esango nioke konturatzeko Euskal Herrian daukagun kultura zaindu egin behar dela. Durangoko Azokan ezagutzen duguna eta ezagutzen ez duguna aurki ditzakegu, eta harro egon gaitezke daukagunaz; herri bezala bere lekua ematea oso polita da.