Actualizado
Dena prest dago abenduaren 4tik 8ra bitartean 61. Durangoko Azokak ateak ireki ditzan. Aurten ere, DA! Kulturaren Jaialdia izango da euskarazko sorkuntza sustatu eta erakusteko topagunea, sortzaileei eta haien lanari protagonismo osoa emateko asmoz. Durangoko Azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak azpimarratzen duenez, erakusmahaien antolaketa aurreratuta dago, eta ilusioz zein gogoz helduko diote hitzorduari: «Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau askotarikoa eta aberatsa izango dugu; izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da». Horregatik, ohiko bisitariei zein kulturzale berriei zabalean barrena ibiltzeko eta euskal kulturaren askotariko adierazpideak arakatzeko gonbita egin die.
Datuei dagokienez, Landako Gunea erakusmahaiz beteta egongo da berriro ere bost egunez, guztira 174 partaide eta 286 erakusmahai batuko baititu. Erakusmahai horietan 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papergintzako produktuak. Kulturaren balioetan sinetsita eta gainontzeko eragileekin eskuz esku jardunda, 311 ekitaldik osatuko dute egitarau osoa, eta zaleek durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu ahal izango dute une oro eguneratutako agenda.
Iaz hasitako bideari jarraikiz, azokako ateak itxi ondoren ere eskaintza kulturalak jarraipena izango du iluntze eta gauetako ikuskizun berezien bidez. Alde batetik, gaueko kontzertuei dagokienez, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak arituko dira; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia egingo da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin. Bestetik, iluntzean ere hainbat emanaldi berezi izango dira: abenduaren 5ean, Izanen GA! literatura-taldearen errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa eskainiko dituzte; 6an, Oraingoz izen gabe filma proiektatuko dute estreinaldiaren 40. urteurrenaren harira; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango da ikusgai. Horrez gain, iazko Sormen Bekaren irabazleen lana ere aurkeztuko dute: Esperantza zoro batez komikia abenduaren 5ean ezagutuko dugu, Talaia gunean.
Azokako egitaraua gunez gune
Gunez guneko eskaintzari erreparatuta, Ahotseneak euskarazko sortzaileen topagune izaten jarraituko du, bost egunetan 62 liburu- eta 43 disko-aurkezpen hartuta, guztiak zuzenean eta doan, 25 minutuko formatuan. Bertako arduraduna den Gotzon Barandiaranek nabarmendu duenez, gunearen 19 urteko historian lehen aldiz, aurkezpenen erdietan baino gehiagotan gutxienez emakume batek hartuko du parte. Musikagintzari dagokionez, makrojaialdien eta areto txiki edo autogestionatuen arteko eztabaidak zeharkatutako urtean, Ahotseneak talde ez horren ezagunei eta bakarlari gisa beren izenez datozen musikariei ikusgaitasuna emateko duen balioa azpimarratu du Barandiaranek, ohiko erreferentzietatik harago joateko deia eginez. Literaturaren alorrean, berriz, PISAko emaitzen aurrean irakurzaletasuna indartzeko beharra ere gogorarazi du, eta nobelaren nagusitasuna aipatzearekin batera, literaturzaletasun hori sustatzeko elementu nagusia dela defendatu du.
Guztira 286 erakusmahai batuko dira Durangoko Azokan.
Ikus-entzunezkoen plazan, Irudieneak euskaraz ekoitzitako 47 lan eskainiko ditu Zugaza zineman, film luzeak, dokumentalak eta 15 film labur barne. Andoni Urzelaik azaldu duenez, emanaldi gehienetan sortzaileek eurek aurkeztuko dituzte lanak, eta haur, gazte zein helduentzako proposamenak izango dira. Besteak beste, Gatibu eta Gozategi taldeen inguruko dokumentalak, Lehen Aldiz telesaila, Iñurri Itsuak filma, edota Kimuak zein Geuretik Sortuak egitasmoetan ondutako film laburrak proiektatuko dira. «Irudienea euskal zinemagintzan eta ikus-entzunezkoetan dabiltzan joerak bertatik bertara ezagutzeko leku egokiena da», adierazi du Urzelaik, kulturzaleak zinemara gerturatzera animatuz.
AZOKA ZENBAKIETAN
1.098
Aurten, guztira 174 partaide eta 286 erakusmahai egongo dira. Erakusmahai horietan 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papergintzako produktuak.
311
Kulturaren balioetan sinetsita eta gainontzeko eragileekin eskuz esku jardunda, 311 ekitaldik osatuko dute egitarau osoa.
8
Erakusmahaien plaza den Landako Guneaz gain, 8 gune daude 61. Durangoko Azokan: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia, Atartea, Talaia eta Berbagailua.
Teknologiaren eraldaketak gizartean eta hizkuntzan dituen ondorioak aztertzeko gunea izango da Kabi@, eta bertan Sustatu atariaren 25. urteurrena ospatuko dute abenduaren 4an. Hurrengo egunean, Game Erauntsiak eta Rolariak taldeek Gamer Gela zabalduko dute gazteak euskaraz aritu daitezen bideo-jokoetan eta rol-jokoetan. Diana Francok nabarmendu duen bezala, abenduaren 6an algoritmo komertzialetatik at dauden sare euskaldunek beteko dute gunea, hala nola Fedibertsoak, R streaming plataformak, Gure Txokoak mapeoak edo Artizarra plataformak. Abenduaren 7an, berriz, adimen artifizialak apokalipsia ala oparotasuna ekarriko digun aztertuko dute goizean, eta arratsaldean eremu digitala sorgaitzat duten sortzaileekin solastatuko dira (Mikel Ayllon, Feneas kolektiboa, Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga); azken eguna, aldiz, familientzako elektronika tailerrei eta Kokulaizen Egintzap lehiaketaren finalari eskainiko diete.
“ Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau askotarikoa eta aberatsa izango dugu aurten; izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da. ”
Haur, gaztetxo eta familiei zuzendutako Saguganbara guneak ere eskaintza zabala prestatu du aurten, tailerrak, ipuin-kontaketak, liburu-aurkezpenak eta ikuskizunak uztartuz. Itxasne Arabiourrutiak argitu duenez, espazio hau ez da liburuak aurkezteko toki soil bat, haurrek eta familiek zuzenean parte hartzeko, irakurtzeko eta sormenaz gozatzeko topagunea baizik. Egitarauan nabarmentzekoak dira Mimosa bat loretan, Musubete urte (Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Leire Bilbaorena), Etxepare saria irabazi duen Afonia liburua eta Pinpirin eskelo txikia aurkezpenak, bai eta TOKI ekimenaren euskarazko mahai- eta karta-jokoak eta Asun Casasola Elkarteak abenduaren 8an helduei eskainiko dien haur literaturako inklusibitate tailerra ere. Gainera, Landako plazako karpan ikuskizunak izango dira, hala nola Potx Magoa edo Zupituki Txiki Show.
Arte eszenikoen arloan, Szenatokiak abenduaren 4an ekingo dio jardunari San Agustin Kulturgunean, Karrika Antzerki Taldeak batxilergoko ikasleei eskainiko dizkien inprobisazio tailerrekin eta iluntzeko irekiera-ekitaldiarekin. Hurrengo egunean, Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, Mug(H)arri pieza taularatuko dute, eta abenduaren 6tik 8ra antzerki-maratoia egingo dute: hiru konpainiak jardungo dute egunero, goizez eta arratsaldez bina emanaldi eskainiz, 12 eta 30 minutu arteko pieza laburrekin. Besteak beste, Aldaketa Dantza Konpainiaren Kapsula 0.1, Maria Blancoren Maria, graziaz betea!, Garrasi eta Eszenika Naz taldeen Rudolf eta Auskalo, Ados Teatroaren Diamante gordina, Mikel Martinezen Taxi edo Erdu txuzko saldia lanak izango dira ikusgai. Maider Larrañagaren hitzetan, «konpainia hasiberriak, estreinaldiak eta lan sarituak bildu ditugu programa berean; eskaintza latza da agenda eta bolia hartu eta gozatzeko».
Bestalde, gogoetarako eta solasaldietarako Talaia plazak 58 aurkezpen eta mahai-inguru hartuko ditu, horien artean idazle euskaldun, galiziar eta katalanen arteko topaketak, Bonbereneak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskainitako diskoaren aurkezpena, Labayruk Bitoriano Gandiagari buruz egingo duen mahai-ingurua eta Euskal Wikipediaren 25. urteurreneko gogoeta. Era berean, Berbagailuak Madalenako ermitan errepikatuko du bideopodcasten gune gisa —gazteek ekoitzitako Edukiontziak, Plaz! eta Peryferykak saioekin, baita baDA!bil podcastaren azken atalaren grabazioarekin ere—, eta Atarteak Durangoko Museoan kokatuko du Euskal Herriko sei ilustratzaileren erakusketa, Txelu Angoitiaren Begirada: Azoka argazkitan atzera begirakoarekin.