Actualizado
Durangok DA! PRO topaketaren zortzigarren edizioa hartu zuen joan den astean, Durangoko Azokaren atarian. Azaroaren 24an eta 26an egindako jardunaldiek euskarazko sorkuntza ezagutarazteko eta sortzaileen eta kultur programatzaileen arteko harremanak sustatzeko balio izan zuten.
Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro Elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak antolatu zuten ekimena, BBK Fundazioaren babes nagusiarekin. Topaketaren helburua euskarazko kultur eskaintza Euskal Herriko herrietako plazetara, antzokietara, liburutegietara eta jaietako programazioetara zabaltzeko aukerak sortzea izan zen.
Lehen jardunaldia haur ikuskizunei eskaini zieten, azaroaren 24an, Bizenta Mogel liburutegian. Hamar proposamen artistiko aurkeztu zituzten, batez ere 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Diziplina eta formatu askotarikoak bildu zituzten: besteak beste, ipuin-kontaketa, musika, bertsolaritza, antzerkia, txotxongiloak, ilusionismoa eta malabareak.
Aurkeztutako lanen artean izan ziren, besteak beste, Ameli ipuin-kontalariaren Ortzi-mugaren bi aldeak, Taulelak Antzerki Taldearen Hitzekin jolasean, Lankuren Bertso jasa bat-bateko jolasa, Hodei Produkzioaken 3 Elementu eta Nai Imaginazioaken Nai Malabarista.
Helburutariko bat euskarazko kultur eskaintza zabaltzea da.
Bigarren jardunaldia azaroaren 26an egin zuten, San Agustin kulturgunean, musika-proiektuei eskainita. Jasotako 24 proposamenen artean hamar aukeratu zituzten: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l.
Aurkeztutako datuen arabera, proiektuen % 95,8k euskararen presentzia zuen, hizkuntza hori bakarrik edo beste batzuekin batera erabilita. Estiloei dagokienez, popak eta pop-rockak proposamenen % 41,7 osatu zuten; rockak eta metalak, berriz, % 25. Hiri-musikak eta folkak % 8,3na hartu zuten, eta gainerako eskaintzan jazza, musika klasikoa, elektronika eta kantautoretza bildu ziren. Gainera, aurkeztutako proiektuen ia % 80 nobedade gisa identifikatu zituzten.
Aukera profesionalak
DA! PRO ez zen proposamen artistikoak erakusteko erakusleiho hutsa izan. Sortzaileek programatzaileekin eta kultur teknikarien, liburutegietako dinamizatzaileen eta jai-antolatzaileen ordezkariekin harreman zuzena egiteko aukera izan zuten, euskarazko eskaintza zabaltzeko eta sortzaileei beren ibilbide profesionalean aurrera egiteko aukerak eskaintzeko.
“ Lankidetza horri esker, erakundeen arteko elkarlana ekintza zehatz bihurtzen dugu, eta, batez ere, sortzaile berriei benetako aukera profesionalak eskaintzen dizkiegu ”
Topaketan aurkeztutako musika-proiektuek, gainera, Amorebieta-Etxanoko Udalak 2027ko urtarrilaren 30ean antolatuko duen MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren edizioan parte hartzeko aukera izango dute. Horrela, DA! PROren bidez aurkeztutako proposamenak benetako programazio-aukerekin lotu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Ekimenak elkarlanerako eta etorkizuneko proiektuak garatzeko bideak ireki zituen, euskarazko kultur eskaintza zabaltzen eta indartzen jarraitzeko urratsak emanez.