Buscar
Gipuzkoa

Oiartzungo xanistebanek prest dute 2026ko egitaraua

Jaiak abuztuaren 2an hasiko dira, baina aurretik herri ekitaldiak izango dira
Jai Batzordea egitarauaren aurkezpenean.
Jai Batzordea egitarauaren aurkezpenean. / N.G.

Actualizado hace 1 minuto

Oiartzungo Jai Batzordeak 2026ko Xanistebanetako egitaraua aurkeztu du. Azken asteotan herriko eragileek eta Udalak elkarlanean osatu dute aurtengo eskaintza, Oiartzungo kaleak berriz ere oiartzuarren eta bisitarien topagune bihurtzeko helburuarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, mimoz eta gogoz prestatu dute adin guztiei zuzendutako egitarau zabala, tradizioa eta berrikuntza uztartuz.

Festa ofizialak abuztuaren 2an hasiko badira ere, aurreko egunetan hainbat hitzordu izango dira giroa berotzen joateko. Lehenengo ekitaldia uztailaren 26an izan zen, 78. Xanisteban Txirrindulari Saria-Txomin Perurenaren Oroimenezkoa. Proba Done Eztebe plazatik abiatu eta bertan amaitu zen, eta urtero bezala txirrindularitza zale ugari bildu ziren.

Uztailaren 31n ere hainbat jarduera izango dira. Goizeko 10.00etan Kontzejupean jokatuko dira Xanistebanetako haurren banakako esku-pilota txapelketa herrikoiaren finalak. Arratsaldean, berriz, musikak hartuko du protagonismoa. Harri Beltza elkarteak antolatuta, HIESaren aurkako kontzertua egingo da, eta aurten Lourdes Iriondo izango dute gogoan. Omenaldi musikala 19.30ean hasiko da Done Eztebe elizan.

Kultur Ekitaldia, abuztuaren 1ean

Jaien atariko hitzordu nagusia, ordea, Kultur Ekitaldia izango da, abuztuaren 1ean. Landetxen egingo da, 18.00etatik aurrera, eta urtero bezala herriko kultur eta gizarte bizitzako hainbat une esanguratsu bilduko ditu.

Ekitaldian Oiartzun 2026 urtekaria aurkeztuko dute, eta Xanistebanetako kartel lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Horrez gain, aurten Udalak Soinuenean Herri Musikaren Txokoa omenduko du, herri musikaren alde urte luzez egindako lana aitortzeko.

Abuztuaren 1eko egitarauan kirolak ere izango du bere lekua. 18.30etik aurrera jokatuko dira joko garbiko eta XV. eskuzko pasaka txapelketa herrikoietako finalak, eta ordubete geroago, 19.00etan, Aitor Txiki areto futboleko txapelketako finala izango da.

Berezitasunak

Aurtengo egutegiak berezitasun bat dakar. Abuztuaren 2a igandea izango denez, jai giroa egun bat lehenago hasiko da txosnagunean. Horrela, abuztuaren 1eko gauean kontzertuak izango dira herrian. Txosnagunean Naxker taldeak eta DJ Aiakatek girotuko dute gaua, eta Zimitiyoan, berriz, DJ Infernuk jarriko du musika.

Jai Batzordeak adierazi duenez, egitaraua herriko elkarte, boluntario eta eragile ugariren ekarpenari esker osatu da. Helburua da, beste behin ere, xanistebanak herri osoaren topagune izatea, parte-hartzea, kultura, kirola eta jai giroa uztartuko dituen egitarauarekin.

Antolatzaileek herritarrak eta bisitariak gonbidatu dituzte datozen asteetan antolatutako ekitaldietan parte hartzera, eta bereziki abuztuaren 2an ofizialki hasiko diren Xanistebanetan murgiltzera. Nabarmendu dutenez, egitarau osoa dagoeneko kontsulta daiteke, eta hurrengo egunetan herriko kaleak musikaz, kulturaz eta jai giroz beteko dituen ospakizunari hasiera emango dio.

2026-07-29T09:04:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo