Gipuzkoa

Oiartzungo Udalak hamabi lagun kontratatuko ditu Xanisteban jaien lanetarako

Hesien zaintzan eta bestelako eginkizunetarako izena emateko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik
Xanistebanetako soka dantza.
Xanistebanetako soka dantza. / N.G.

Actualizado hace 9 minutos

Oiartzungo Udalak hamabi pertsona kontratatuko ditu aurtengo Xanisteban jaietan hesien zaintza eta antolakuntzarekin lotutako bestelako lanak egiteko. Kontratazio prozesuan parte hartu nahi dutenek uztailaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.

Lanpostuetara aurkezteko lau baldintza bete beharko dira. Hautagaiek 18 urte beteta izan beharko dituzte, kontratua hasiko den egunean (abuztuaren 1a), langabezian egon, eskola-ziurtagiria eduki eta euskarako B2 maila egiaztatu. B2 titulurik ez dutenek, hala ere, ahozko elkarrizketa baten bidez egiaztatu ahal izango dute hizkuntza gaitasuna.

Izena emateko hiru aukera eskaini ditu Udalak. Interesdunek Lanbiden argitaratutako lan-eskaintzaren bidez eman dezakete izena, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eskaera aurkeztuta edo Herritarren Arreta Zerbitzura bertaratuta.

Lan-eskaintzaren baldintzei, kontratazioari eta hautaketa-prozesuari buruzko informazio osoa Oiartzungo Udalak argitaratutako deialdian kontsulta daiteke.

Hautaketa zozketa bidez egingo da

Behin izena emateko epea amaituta, hautaketa zozketa publiko baten bidez egingo da. Zozketa uztailaren 17an izango da, 15.00etan, udaletxeko areto nagusian.

Udalak jakinarazi du izena eman duten guztiek zozketara bertaratu beharko dutela parte hartu ahal izateko. Egun horretan ikasketa-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulua ere bai, halakorik badute.

B2 mailaren ziurtagiririk ez dutenek ahozko elkarrizketa egingo dute bertan, hizkuntza gaitasuna baloratzeko. Salbuespen bakarra izango dute aurreko urteetako xanistebanetako lanpostu bererako egindako euskara-proba gainditua dutenek; kasu horretan, ez dute berriro elkarrizketa egin beharko.

Kontratatutako pertsonek Xanisteban jaietan hesien zaintza eta antolakuntzarekin lotutako beste hainbat eginkizun beteko dituzte, jaietako segurtasuna eta jardueren garapen egokia bermatzen laguntzeko.

2026-07-08T19:56:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo