Oiartzungo Udala herriguneko babesgune klimatikoen sarea diseinatzen ari da, klima-aldaketaren ondorioz gero eta ohikoagoak diren beroaldiei aurre egiteko. Horretarako, aire zabaleko nahiz estalitako espazioak identifikatu ditu, eta uda amaiera arte herritarren ekarpenak jasoko ditu behin betiko mapa osatu aurretik.
Egitasmoak Elizalde, Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetan jarri du arreta berezia, herriko gunerik urbanizatuenak eta biztanle gehien biltzen dituzten eremuak direlako. Aldi berean, beroaren aurrean zaurgarrienak diren herritarren beharrak hartu dira kontuan; besteak beste, adinekoak, haurrak, arnas gaixotasunak dituzten pertsonak eta haurdun dauden emakumeak.
Udalak azaldu duenez, Gurutze, Ergoien eta Karrika bezalako landa-auzoek ez dute lehentasunezko azterketa jaso, bertako zuhaitz-masa, berdegune eta errekek tenperatura epelagoak mantentzen laguntzen baitute. Hala ere, herritarrek gehien erabiltzen dituzten ibai eta erreka inguruko guneak ere txertatu dituzte azterketan.
Hamabost gune identifikatu dira
Proiektua hainbat fasetan garatu da. Urteko lehen hilabeteetan udalerriko egoera aztertu eta auzoetako mapa termikoak egin zituzten, bero metaketa handiena duten puntuak identifikatzeko. Informazio hori oinarri hartuta, maiatzean aire zabaleko zein barruko espazioen azterketa xehatua egin zuten.
Lehen fasean babesgune klimatiko gisa katalogatutako hamabost espazio identifikatu dituzte. Horien artean daude Txara, Hipatia, Bekosoro eta Ibargaingo parkeak, Arraguako frontoia, Arizmendienea, Landetxe eta Altzibar zein Ugaldetxoko auzo lokalak.
Horrez gain, beste hamalau gune ere identifikatu dituzte etorkizuneko babesgune klimatiko izateko aukera duten espazio gisa. Kasu horietan, ordea, hainbat hobekuntza egin beharko lirateke (itzal gehiago, atsedenlekuak edo bestelako egokitzapenak) beroaldi garaian benetako babesleku bihur daitezen.
Herritarren ekarpenak
Babesguneen lehen proposamena ekainaren 29an aurkeztu zuten bilera ireki batean. Orain, proiektuaren hurrengo faseari ekin diote, eta herritarrek uda amaiera arte izango dute proposamenak eta iradokizunak egiteko aukera, Udalak bere webgunean prestatu duen galdetegiaren bidez.
Jasotako ekarpenak udal ordezkari eta teknikariek aztertuko dituzte, eta horien arabera egokituko dute azken dokumentua. Ondoren, herriko babesgune klimatikoen mapa osatu eta seinaleztatuko dute, herritar guztiek erraz identifikatu eta erabili ahal izan ditzaten.
Udalaren asmoa da, gainera, sare hori hainbat euskarritan eskuragarri jartzea, herritarrek une oro kontsultatzeko moduan.
Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren laguntzarekin ari da garatzen. Dirulaguntzaren bidez, proiektuaren kostuaren %80 finantzatuko da. Guztira 16.564 euroko aurrekontua du ekimenak, eta horietatik 13.251 euro dirulaguntzaren bidez estaliko dira.
Udalak aurreikusi du babesgune klimatikoen behin betiko sarea 2027ko udaberrian aurkeztea. Helburua da bero-boladen aurrean herritarren babeserako baliabideak indartzea eta klima-aldaketara egokitzeko udal estrategia sendotzea.