Actualizado hace 7 minutos
Oiartzungo Altzibar auzoan gune estali berri bat eraikitzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta proiektuak 300 metro koadroko erabilera anitzeko espazioa, komuna eta ingurune urbanizatua aurreikusten ditu. Obrak martxan direla jakinarazi du Oiartzungo Udalak, eta lehen lur-mugimenduak eta zimentazio lanak egiten ari dira egunotan.
Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak azaldu duenez, herrian aterpeko espazio baten beharra aspaldidanik identifikatuta zegoen, eta horregatik idatzi zen proiektua 2024an. Haren hitzetan, orain abiatu dira exekuzio faseko lanak, behin beharrezko izapide administratiboak amaituta.
Azpiegitura berria Olalde etxadiaren atzealdeko zelaian kokatuko da, Altzibar eta Karrika lotzen dituen bidegorriaren alboan. Bertan 2.000 metro koadroko gune berde urbanizatua egokituko da haren inguruan.
Berdegune urbanizatua
Espazio osagarri horretan hainbat ekipamendu jarriko dira: eserlekuak, oinezkoentzako pasabideak, bizikletentzako aparkalekuak, bizikletak garbitzeko puntua eta hormigoizko mahai borobil handi bat, inguruko eserlekuekin.
Udalak azaldu duenez, gaur egun bertan dauden zuhaitz gehienak mantendu egingo dira; zenbait ale lekuz aldatu beharko dituzte obrak direla eta, baina zuhaitz berriak ere landatuko dira.
Urtebeteko lanak
Obrak urtebete inguruko epean amaitzea aurreikusten du Udalak. Bitartean, lan-eremua itxita egongo da segurtasun arrazoiengatik. Halaber, obrako kamioi eta ibilgailuen joan-etorriak direla medio, une jakin batzuetan errepide zatiren bat edo ondoko bidegorria aldi baterako ixtea aurreikusi da.
Alkateordeak zehaztu du mozketak “ezinbestekoa denean eta ahalik eta denbora laburrenean” egingo direla, herritarren eguneroko mugikortasunean ahalik eta eragin txikiena izateko.
Altzibarko gune estali berriak 1,3 milioi euroko aurrekontua izango du. Inbertsio horren %40 Europako funtsen bidez finantzatuko da, Udalak Europako Garapen Eskualdeko Funtsaren (FEDER-EDIL) bidez jasotako dirulaguntzari esker.
Aisialdi azpiegiturak indartu
Proiektu hau ez da legealdian Oiartzunen kirol eta aisialdi azpiegiturak indartzeko martxan jarritako bakarra. Udal gobernuak gogorarazi du Ugaldetxoko futbol zelai berritua eta Altzibarko estalpe berria legealdi honetan landu eta garatutako bi egitasmo estrategiko direla, herriko kirol eta aisialdi eskaintza osatzeko helburuarekin.
Epe laburrera begira, gainera, beste hainbat jarduketa iragarri ditu Udalak: herriko haur parkeetako bat estaltzea, Elizalde Herri Ikastetxeako jolas eremua berritzea, bidegorri sareko lotura berriak egitea eta OTXE Kirol Elkartearekin elkarlanean Atamitxeko bizikletentzako gunea berrantolatzea.
Urdampilletaren esanetan, halako espazioek funtzio anitza dute: “Kirolerako eta aisialdirako guneak oso erabilgarriak dira, ekintza askotarako balio dute eta elkargune natural bihurtzen dira; herritarren ongizaterako eta kohesiorako funtsezko espazioak dira".