Actualizado hace 9 minutos
Santa Kruz apaizaren heriotzaren 100. urteurrena dela eta, Koartelik gabeko gerra. 1926-2026. Foruzaletasuna eta karlismoa eztabaidagai jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzunen, apirilaren 21etik 26ra. Trikuharri Kultur Elkarteak sustatutako egitasmoak helburu argia du: euskal herritarrek karlistaldietan parte hartzeko izan zituzten arrazoiak aztertzea, foruen defentsa ardatz nagusitzat hartuta.
Ekaitz Zabalzak, Trikuharri Kultur Elkarteko kideak, azpimarratu duenez, mendeurrena “aitzakia” da, baina jardunaldiek harago jo nahi dute: “Santa Kruz pertsonaiatik abiatuta, garai hartako testuinguru historikoa eta euskaldunen motibazioak ulertu nahi ditugu”. Ildo horretan, karlismoa fenomeno anitza izan zela nabarmendu du, eta bereziki Hego Euskal Herrian foruen defentsarekin lotuta ulertu behar dela.
Azaldu duenez, foruak tokiko erakundeen autonomia eta eskubide propioak bermatzen zituzten, besteak beste zerga-bilketa eta soldaduska saihesteko aukera. “Herritar askorentzat hori zen benetako arrazoia: eskubideak mantentzea. Horregatik, borroka hori proto-nazionaltzat jo daiteke”, adierazi du Trikuharri elkarteko kideak.
Oiartzunekin harremana
Santa Kruz apaiza Elduaienen jaio arren, Oiartzunekin izan zuen harreman estua ere izango da hizpide datozen jardunaldietan. Iturri historikoen arabera, haren gerrillako kide nagusiak, tartean guardia beltza eta ofizial ugari, oiartzuarrak ziren, eta horrek lotura berezia sortu zuen herriarekin.
Gainera, Oiartzungo kokapen geografikoak garrantzi estrategikoa izan zuen: mugatik gertu egoteak abantaila militarrak eskaintzen zizkion, eta bertan arma-biltegi bat ere izan zuen. Garai hartako borrokalarien testigantzak, besteak beste, Manuel Lekuonak jaso zituen.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Santa Kruz pertsonaia polemikoa izan zen bere garaian, bai liberalentzat bai buruzagi karlisten artean ere. Hala ere, jardunaldien xedea ez da figura hori epaitzea, baizik eta testuinguru historikoa ulertzea: zerk bultzatu zituen euskaldunak karlistaldietan borrokatzera, eta zer pisu izan zuen foruen defentsak erabaki horretan.
Jardunaldien programa
Testuinguru horretan, hainbat egunetako jardunaldiak antolatu dituzte, karlismoa eta foruzaletasuna ardatz hartuta. Egitaraua lau saio nagusitan egituratu da. Lehenengoan, asteartean, Jose Maria Esparzaren lan baten inguruko solasaldia egingo da, foruzaletasunaren garrantzia eta lehen karlistaldian agertu ziren aldarri independentistak aztertzeko, lau herrialdeko estatu propio baten ideiak barne.
'Oiartzuarrak Santa Kruz apaizaren partidan' liburuaren azala
Hurrengo egunean, Santa Kruz apaizaren figuraren inguruko mahai-ingurua egingo dute, Mikel Alberdi eta Luis Maria Martinez Garate hizlariekin, Arizmendienean 18.30etik aurrera.
Ostegunean, Karlistadaren kronika 1872-1876 filma proiektatuko dute, eta ostiralean Xose Estevezek foruzaletasunetik nazionalismo modernora egindako bilakaera soziologikoa aztertuko du. Hitzaldi hau Arizmendienean burutuko da eta gazteleraz izango da.
Jardunaldien azken egunean, igandean, Ozentziyoko ermitara bisita egingo dute. 1874an eraikitako tenplua da, Bigarren Karlistaldian, liberalek herrigunea kontrolatzen zuten bitartean karlistek meza eman ahal izateko altxatua.
Argitalpen berria
Egitasmoaren barruan, gainera, Oiartzuarrak Santa Kruzen partidan izeneko argitalpena aurkeztuko dute, paperean zein formatu digitalean. Liburu honen zabalkundea Trikuharri Kultur Elkarteak antolatutako jardunaldiekin batera egingo da.
Lan horrek oiartzuarren protagonismoa jasotzen du, baita garaiko pasarte esanguratsuak ere, hala nola Santa Kruzek egungo San Juan kalearen inguruan kokatutako kanoiarekin udaletxearen aurkako erasoaren irudikapena.
Antolatzaileek azpimarratu dute jardunaldiak eztabaidarako eta hausnarketarako gune izan nahi dutela, ikuspegi sinplistetatik aldenduta. “Historia ulertzea da helburua, ez epaitzea”, laburbildu du Ekaitz Zabalzak.