Actualizado hace 6 minutos
Oiartzungo Ondare Jardunaldiak zortzigarrenez egingo dituzte aurten, eta urriaren 3an emango zaie hasiera. Ondarearen Mahaiak, herriko hainbat eragilek eta Oiartzungo Udalak elkarlanean antolatutako jardunaldiek herriko ondarea eta historia ezagutaraztea dute helburu, baina aurtengo edizioan urrats bat gehiago eman nahi dute: kultur ondarearen inguruko sentsibilizazioan sakontzea.
Aurtengo egitarauak lau hitzordu izango ditu, urriaren 3an hasi eta azaroaren 14an amaituko dena. Besteak beste, Euskal Herriko alboka historikoen inguruko kontzertua, meatzaritzari eta trenbideari buruzko bisita komentatua, Oiartzungo kantutegiko doinu ezezagunen emanaldia eta Gipuzkoako eraikin erlijiosoen historia eta kontserbazioa ezagutzeko jardunaldia izango dira.
Meatzaritza eta alboka historikoak, lehen hitzorduetan
Egitarauari urriaren 3an, larunbatean, emango zaio hasiera. Egun horretan bi proposamen izango dira.
Alde batetik, Geologia eta gizakia bisita komentatua egingo da, meatzaritzaren eta trenbidearen inguruan. Jarduera 10.00etan abiatuko da, Altzibarko aparkaleku publikotik, eta 6 euroko prezioa izango du. Informazioa eta izen-emateak Luberri museoan (luberrimuseoa@gmail.com) egin ahal izango dira.
Eguerdian, berriz, Euskal Herriko alboka historikoen kontzertua izango da Landetxe kultur aretoan, 12.00etan. Sarrerak 8 eurotan izango dira eta sarrerak sarrerak.oiartzun.eus plataforman eskura daitezke.
Ondare Jardunaldiek azaroan izango dute jarraipena. Azaroaren 4an, asteazkenean, Hau leku aittorra! emanaldia egingo da udaletxeko areto nagusian. Oiartzungo kantutegiko “harribitxi ezezagunak” berreskuratu eta entzuteko eta kantatzeko aukera izango da. Saioa 18.00etan hasiko da eta doakoa izango da. Izen-ematea ouke08@oiartzun.eus helbidean egin beharko da.
Azaroan, eraikin erlijiosoak
Azken hitzordua azaroaren 14an, larunbatean, izango da. Gure ondare, gure Gipuzkoa jardunaldian Gipuzkoako eraikin erlijiosoen historia eta kontserbazioa izango dituzte hizpide. Saioa 11.30ean egingo da San Esteban elizan eta sarrera doakoa izango da. Informazioa eta izen-emateak gordailua@gipuzkoa.eus helbidean jaso ahal izango dira.
Horrela, aurtengo Ondare Jardunaldiek ondarea ezagutzeko aukera ez ezik, hura zaintzeko eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko beharraren inguruko hausnarketa ere proposatuko dute, hainbat ikuspegi eta jardueraren bidez.
Beraz, ondareak dituen arriskuen inguruko kontzientzia sortu nahi dute, eta gaur egun geratzen den ondarea nola kontserbatu eta balioan jarri aztertzeko hausnarketa sustatu. Hala, arriskuan dagoen kultura-ondarea eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduak izango dira edizioaren ardatzetako batzuk.