Actualizado hace 3 minutos
Egape Ikastolan ikasle hasi zenetik 60 urte igaro dira, eta irakasle gisa 42 urteko ibilbidearen atarian dago orain Antton Jauregi urnietar kulturgilea. Bidean, ordea, ez du irakaskuntzan soilik utzi arrastoa: txistularia, musikazalea, sortzailea eta herriko kultur ondarea zabaltzeko hainbat proiekturen bultzatzailea ere izan da. Pentagrama Enea, Marizulo edo Soinuen begirada bezalako lanek haren kezka erakusten dute: musika, historia, euskara eta Urnietarekiko lotura belaunaldi berriei transmititzea.
Egun batzuk igaro dira Udalaren omenaldia jaso zenuenetik. Nola bizi izan duzu eta nola hartu duzu aitortza hori?
–Hasiera batean, banekien udaletxean zerbait xumea izango zela eta familia bertan egongo zela, baina azkenean espero baino jende askoz gehiago hurbildu zen, batez ere oso gertukoak. Oso gustura sentitu nintzen, baina aldi berean sentsazio arraroa izan zen, oso hunkigarria, nik ez baitut nire burua hain garrantzitsutzat jotzen. Gauzak egin ditut egin behar zirelako, ez trukean ezer jasotzeko asmoz.
Aizkoragileen sagakoa izanda, zuri ere egokitu zitzaizun tailerreko lana gertutik ezagutzea.
–Noski. Nire aita aizkoragilea zen eta Amezketatik Urnietara etorri zen. Hamalau urterekin pilotan asko ari-tzen nintzen eta arratsaldeak entrenatzen ematen nituen. Nire aita oso langilea zen, eta argi esan zidan: “Antton, zuk ikusiko duzu; orain pilotatik joan nahi baduzu, ondo, baina gero badakizu zer lan daukazun etxean”. Nik orduantxe ikusi nuen: ez nuen tailerreko bizitza hura nahi niretzat. Lagunak udan ondo pasatzen ari ziren bitartean, nik aitari laguntzera joan behar izaten nuen azoketara, astelehenetan Tolosara eta ostegunetan Hernanira. Esperientzia gogorra zen, eta garbi utzi zidan nire bidea beste bat zela. Bizi-tzak une jakin batzuetan hautatzera behartzen zaitu, eta nik zortea izan dut erabaki onak hartzeko orduan.
Aizkora utzi eta irakaskuntzara jo zenuen. Bokaziozko bidea zain zen?
–Guztiz. Nire amak beti esaten zuen nik txikitatik irakasle izan nahi nuela, nahiz eta nik garai hartan ez nuen horren kontzientzia handirik. Irakasle-ikasketak egin nituen eta bizitzak hortik eraman nau. Pilotan bezala, irakaskuntzan gehien betetzen nauena erakustea da; didaktika izugarri gustatzen zait. Nola transmititu dakizun gutxi hori, jakinda buru bakoitza mundu bat dela. Haur bakoitzaren erritmora egokitzea eta bide berriak bilatzea da hezitzaile baten benetako ardura.
“ Beti saiatu naiz nire klasetik pasa diren ikasleek oroitzapen on bat izan zezaten. Hori da niretzat garrantzitsuena ”
Omenaldian alkateak ikasle askok maitasunez gogoratuko zaituztela esan zuen.
–Amaitu zuenean esan nion hori zela niretzat garrantzitsuena, nire ikastolako ibilbidean gauzak ondo edo gaizki egin ditudan jakiteko baliogarri zaidan neurgailua hori da. Beti saiatu naiz nire klasetik pasa diren ikasleek oroitzapen on bat izan zezaten.
60 urte igaro dira Egapen ikasle hasi zinela, eta gaur egun bertako musika irakaslea zara.
–Magisteritza bukatu ondoren, Egape ikastolan hasi nintzen lanean, eta denetarik ematen nuen: soinketa, euskara, erlijioa eta esaten zidaten guztia; baita musika ere. Garai hartan, ordea, nik ez nekien partitura bat irakurtzen, ez zegoen musika eskolarik. Zortzi urterekin txistua ikasi nuen, baina dena memorizatzen nuen; ez nuen ahalegin kontzienterik egiten ikasteko, melodia entzun eta berehala geratzen zitzaidan buruan. Zorte edo dohai handi bat izan dut zentzu horretan. Belarri ona izan dut, bai; ez notak identifikatzeko bakarrik, baita oroimenean gordetzeko ere.
Nola sortu zen Pentagrama Enea? Nola erabaki zenuen solfeoa haurrei ipuin baten bidez helaraztea?
–Bilbora joan nintzen musika-espezializazioa egitera. Baina lehendik banuen kezka bat: nola irakatsi solfeoa eta noten kokapena umeei modu errazean? Beldurra nion gaiari, egia esan. Egun batean ideia bat bota nien gelan: bazela Solferino izeneko pertsonaia bat, eguzkia hartzea gustatzen zitzaiona, eta bigarren pisuan jarri zela bizitzen. Haurrek segituan eskatu zidaten ipuinarekin jarraitzeko. Nik ez neukan ezer pentsatuta, baina presio horren pean sortu nuen Pentagrama Enea.
Antton Jauregi sanmieletako omenaldian.
Herriari begira ere ekarpen handia egin diozu kultura, historia eta ondarea lotzen dituen Marizulo herri-antzerkia prestatzean?
–2009 inguruan izan zen, eta sekulako oihartzuna izan zuen, inork ez baitzuen espero horrelako emaitzarik. Proiektu hartan Luis Mari Zaldua izan zen funtsezko kideetako bat. Txistua jotzen zuen nirekin, baina gaur egun Euskaltzaindiko kidea da eta toponimian zein euskal historian aditu handia; pertsona oso jakintsua eta lagun mina dut. Joan Agirre idazleak ere parte hartu zuen, eta lan benetan interesgarria ondu genuen.
Bide horretatik etorri ziren Juan Inazio Iztuetaren inguruko lana eta Soinuen begirada.
–Luis Mariren (Zaldua) proposamenez Iztuetaren bizitza taularatu genuen Donostian; izan ere, 1800eko hamarkadan Gipuzkoako dantzak bildu zituen lehen koreografoetako bat izan zen. Ondoren, nire ekimenez, Soinuen begirada sortu genuen. Nire nahia Urnietako egun arrunt bat islatzea zen, egunsentitik hasita. Egun ugari eman nituen time-lapse argazkiak ateratzen, eta ibilbide horretatik jaio ziren gure parajeei eskainitako doinuak: Mulisko, Eteneta, Abalarri... Lan horretan ezinbestekoak izan ziren Mikel Agirregomezkorta antzerkigintzan eta Edu Muruamendiaraz dantzan. Lau lagun elkartu ginen, eta herri mailan parekorik izan ez duen dinamika sendo bat eraiki genuen.
“ Erretirorako lan potentea egin nahi dut eta proiekturen bat dudanean, orduak ematen ditut inkontzienteki ideiei forma ematen ”
Azkeneko lan horretako doinu guztiak zuek sortuak dira.
–Bai, aurreko lanetan ere lan handia egin nuen artxiboak arakatzen eta doinuak probatzen, baina konpositore baten laguntza izan genuen. Aurreko lanetan egindako lanari esker animatu nintzen azkeneko lan honetako doinuak sortzera. Ez dut nire burua konpositoretzat, baina txisturako ere obra asko egin ditut.
Zure ibilbidean gehien bete zaituen proiektua izan da Marizulo?
–Seguruenik bai. Berrogei bat aktorek eta jende askok parte hartu genuen, eta oso bizipen intentsua izan zen. Emanaldi bakarra egiteko asmoa genuen, baina eskaria hainbestekoa izan zen, ezen Urnietan hiru saio egin behar izan baitzituzten, denak beteta, eta kanpoan beste bat, Bastero kulturgunean. Exijentzia tekniko eta pertsonal handiko lana izan zen, prestakuntza akademiko zorrotzik gabe geure onena emanez egina. Benetan harro nago lortutako emaitza duinaz. Proiektu horien xehetasun guztiak, dantzak eta antzerkiak, webgune batean bildu ditugu eta laster Udaleko kultura atalean egongo dira ikusgai.
Erretiratzera zoaz. Nola heldu diozu erabaki horri?
–42 urte daramatzat lanean. Irakasle gisa oso afortunatua naiz, baina pozik nago erretiroaekin.
Festarik espero al duzu?
–Ez dakit zerbait egingo didaten, baina nik zerbait antolatzeko ideia daukat. Zerbait potentea egin nahi dut eta Gabonak aldera izango da. Buruari bueltaka nabil dagoeneko. Proiekturen bat esku artean dudanean, orduak ematen ditut inkon-tzienteki ideiei forma ematen.