Mendi Solidarioak elkartea arduratuko da aurten Gasteizko Gabonetako argiak pizteaz azaroaren 26an Espainia plazan. Izendapenaren bidez, Gasteizko Udalak elkarteak egiten duen lana aitortu nahi izan du, "inklusioaren eta elkartasunaren adibide" baita, Maider Etxebarria alkateak nabarmendu duenez.
"Boluntarioen konpromisoari esker, Mendi Solidarioak elkarteak desgaitasuna duten pertsonei mendiaz eta naturguneez gozatzeko aukera ematen die; izan ere, haien laguntzarik gabe, leku horietara iristea ezinezkoa izango litzateke", adierazi du.
Argiak pizteko ekitaldia 17:30ean hasiko da eta argiak ordu erdi geroago piztuko dira. Ekitaldiak izaera musikal nabarmena izango du, 300 ahots baino gehiago bilduko baititu, Artea Antzerkio Musikalaren eta Izartza eta Taupada Txiki abesbatzen partaidetzarekin. Gainera, ohikoa denez, txokolate beroko 700 edalontzi banatuko dira doan.
Bestalde, Gasteizko Udalak lanean jarraitzen du hiriko Gabonetako argiztapena eta girotzea hobetzeko, "kaleak bizitzaz, jardueraz eta erakargarritasunez betetzeko". Ildo horretan, berritasun gisa, Espainia plazak 13 metroko garaiera duen Gabonetako zuhaitz argitsua izango du aurten, fatxadetan, balkoietan eta arkuetan jarritako argiez eta kriseiluez gain.
Horri guztiari, noriaren itzulera gehituko zaio, iaz lortutako arrakastaren ondoren, atrakzioa Andre Maria Zuriaren plazan jarriko baita berriro. Gainera, Gasteizko Udalak berriro sustatuko du ohiko karrusela jartzea, jai giroa indartzeko eta familientzako aisialdi eskaintza zabaltzeko.