Actualizado hace 3 minutos
Gasteizko Udalak jakinarazi du 1976ko martxoaren 3ko gertakariei eskainitako 'Egiaren mesede jarrai eta ekin' izeneko horma irudia instalatzeko lanak hasi dituztela astelehen honetan Nafarroako Errege-Erreginen 28 zenbakiko fatxada berrituan, irudia osatzen duten 50 piezak itsasteko behar diren aldamioak eta garabia muntatuta. Horma irudia hilabete barru prest egongo dela kalkulatu dute, eta rratsalde honetatik asteartera hasiko dira obra berria osatzen duten piezak pixkanaka jartzen.
Jatorrizkoan zein bertsio eguneratuan, horma irudiak panel erraldoi bat imitatzen du, eta horren gainean duela mende erdi gertatutako gertakariei buruzko prentsako zatiak, argazkiak eta beste dokumentu batzuk zintzilikatu dira. Gaur egun oraindik bizirik jarraitzen duen justizia erreklamazioa dago bukaeran.
Veronica Werckmeister muralgileak eta Javier Hernandez Landazabal irudiaren jatorrizko egileak koordinatutako horma irudiaren birsorkuntza modu kolektiboan egin zen 2025eko udan, Zaramaga auzoari eta martxoaren 3ko mugimendu memorialistari lotutako 30 boluntario baino gehiagoren parte hartzearekin.
Obra berriak 2013an sortutako jatorrizko murala erreproduzitu eta eguneratuko du, fatxadako espazio erabilgarri berrira egokituta. Horretarako, esku hartze artistikoa oihalaren gainean eta formatu modularrean garatu da, eraikinaren kanpoko estaldura berriaren gainean itsatsi ahal izateko.
Horma irudiak 180 metro koadro ditu eta 150x240 cm-ko 50 pieza modularrez osatuta dago. Piezak 'puzzle' handi gisa pentsatuta daude, birgaitutako eraikinaren fatxada aireztatu berrira egokitzeko. Pieza bakoitza banaka margotu zuten Veronica Werckmeisterren tailerrean, ondoren errazago jartzeko.
Hasierako ideia horma irudia martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrenerako instalatuta egotea bazen ere, atzeratu egin behar izan da, hainbat gorabeheraren ondorioz, besteak beste, fatxada estaltzeko obrak amaitzeko garaian izandako atzerapena, Nafarroako Errege-Erreginen espazio publikoan egin behar izan diren lanak eta azken hilabeteetako baldintza meteorologikoak.
Esku hartzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako auzoak berroneratzeko Inbertsio Estrategikoen Planean jasotako jarduketen barruan dago, eta Gasteizko Udalak Zaramaga auzoaren hiri, gizarte eta ingurumen berroneratzean jarduteko duen konpromiso estrategikoetako bati erantzuten dio.
Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernandez de Landak adierazi duenez, "Zaramaga Planeko alderdi sozialaren arduradun gisa, horma irudiaren birsorkuntza memoria kolektiboko komunitate lanari berriro ere balioa emateko arrazoi bikaina dela uste dut. Izan ere, auzoko bizilagunek bi muralak, jatorrizkoa eta berria, margotzen eta diseinatzen hartu dute parte".
"Ondorioz, murala osatzen duten piezez gain, bada beste oinarrizko pieza bat proiektu honetan: herritarren parte hartzea. Eta horrek bereziki laguntzen du muralaren irudikapena berriro ere memoria kolektiboaren ageriko sinbolo bihur dadin auzoan", gaineratu du.