Gipuzkoa

Lezoko Altamirako natura eta biodibertsitatea ezagutzeko lau tailer antolatu dituzte

Herritarrentzako lehen saioa azaroaren 4an egingo dute, eta izen-ematea zabalik dago
Altamira zuhaiztirako sarrera. / N.G.

Lezoko natur ingurunea, biodibertsitatea eta ondarea gertutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek datozen hilabeteetan, Altamira ezagutuz programaren bidez. Hezi Lezo ekimenaren barruan, Lezo Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Lezoko Udalak lau tailer antolatu dituzte, komunitatea indartzeko eta herritarren artean ingurune naturalarekiko jakin-mina sustatzeko.

Ikasturtean zehar egingo diren jardueretan, Aranzadiko adituen eskutik, Altamirako natura eta bertako bizidunak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Lehen hitzordua azaroaren 4an izango da: Txoribox tailerra egingo dute, 15.00etatik 16.30era.

Izen-ematea zabalik dago dagoeneko. Informazioa eta izena emateko aukera Lezo Institutuaren webgunean daude eskuragarri.

Datozen hilabeteetan

Egitarauak 2027 urterako beste hiru proposamen ere jasotzen ditu. Apirilaren 10ean, hegaztien eraztunketa zientifikoa egingo dute, 10.00etatik 12.00etara; maiatzaren 5ean, berriz, urmaelako bizidunak ezagutzeko irteera gidatua antolatu dute, 15.00etatik 16.30era. Azkenik, maiatzaren 19an, Zatoz enarak ezagutzera jarduera egingo dute, ordutegi berean.

Ekimenak herritar guztiei daude zuzenduta, gazte zein helduei, familiei eta Altamirako auzotarrei, baita Lezoko gainerako bizilagunei ere. Antolatzaileen helburua da naturarekiko interesa duten guztiei ingurunea ezagutzeko eta bertako biodibertsitateari buruz ikasteko aukera eskaintzea.

02/11/2026