Gipuzkoa

Lezok 75 ekitaldi ingururekin ospatuko ditu Santakrutz jaiak

Irailak 13tik 20ra izango dira eta berrikuntzen artean giza-dorre bat egongo da
Lezoko erraldoiak satakrutzetan. / N.G.

2026ko Santakrutz jaiak ate joka dira Lezon. Udalak eta Jai Batzordeak 75 ekitaldi inguruko egitaraua prestatu dute, adin eta gustu guztietako herritarrei zuzendutako proposamenekin. Jaiak irailaren 13an hasi eta 20an amaituko dira, baina aurretik ere hainbat ekintza izango dira, herrian jai-giroa berotzen joateko.

Ohiko danborradak, herri bazkariek, kalejirek, haur eta gaztetxoentzako jolasek, herri kirolek, musikak eta antzerkiak osatuko dute beste behin Santakrutz jaietako eskaintza, eta aurten ere hainbat berritasun eta ekitaldi berezi izango dira.

Jaiak ofizialki hasi aurretik, lehen hitzordua Lezo, dantzaren sehaska dokumentalaren estreinaldia izango da gaur, Altamiragain parkeko anfiteatroan 20.30ean. Emanaldiaren bidez, Lezon dantzak izan duen garrantzia ezagutarazi nahi dute, herriko kultura eta ondarearen parte den diziplina horretan arreta jarriz.

Ohiko proposamenez gain, irailaren 19an ekitaldi berezia izango da Gurutze Santuaren plazan: Castellers de Caldes de Montbuik giza-dorre bat, castell izenekoa, osatuko dute. Kataluniako tradizio horren erakustaldia izango da aurtengo jaietako irudi berezienetako bat.

Egitarauak, beraz, hainbat belaunaldi eta interes hartuko ditu kontuan. Haurrek eta gaztetxoek beren espazio eta jarduerak izango dituzte, eta helduentzat ere izango dira musika, kalejirak, herri kirolak, herri bazkariak eta bestelako ekitaldiak. Antzerkiak eta kultur proposamenek ere izango dute tokia jaietan.

Barrakak, inklusiboagoak

Bestalde, Udalak Jai Batzordearekin batera antolatutako jarduerez gain, barraken eremuan ere hainbat neurri ezarri ditu, jaiak pertsona guztientzat eskuragarriagoak izan daitezen. Atrakzioek prezio bateratuak izango dituzte, eta egunero tarte jakin batean ez da musikarik izango gune horretan, autismoa edo entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek ere atrakzioez ingurune lasaiago batean gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, barraketako musikaren %80 euskaraz izango da.

Berdintasunaren arloan ere neurriak hartuko ditu Udalak. Jaiak pertsona guztientzat gozagarriak eta seguruak izan daitezen, erantzukizuna eta zaintza kolektiboak direla azpimarratu zuen aurkezpenean Mireia Kuesta Berdintasun zinegotziak. Horren erakusle, Santakruzen hasiera ekitaldian mugikortasun murriztua duten pertsonek gune bereizia izango dute, ekitaldia oztoporik gabe jarraitzeko.

Era berean, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean osatutako protokoloa mantenduko da, eta indarkeria matxista egoeren aurrean arreta eta salaketa telefonoa jarriko da martxan. Zerbitzua Santakruz jaietako hainbat gauetan egongo da erabilgarri, 00.00etatik 06.00etara.

Gainera, Mikel Arruti alkateak aurkezpenenean duela 90 urte Lezok bizi izan zuen gertakari historikoa ere ekarri zuen gogora. Izan ere, irailaren 13an beteko dira 90 urte tropa frankistek Lezo hartu zutenetik. Alkateak azpimarratu zuenez, historia ezagutzea eta gogoratzea dagokie herritarrei, “egungo Lezo ospatu eta bizitzeko”.

Egitaraua Lezoko etxeetara banatuko da datozen egunetan, eta dagoeneko Udalaren webgunean eta aplikazioan kontsultatu daiteke. Horrela, irailaren 13tik 20ra bitarteko Santakruz jaietan herritarrak kalera ateratzera eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu Udalak

04/09/2026