Bizkaia

Lekeitiok Usotegi Eguna ospatuko du larunbat honetan

Egitarau zabalaren barruan, Migel Angel Beitia zeanuritarrak hitzaldia eskainiko du 12.30ean, itsasoko ura ortuetako ongarri gisa nola erabili aztertzeko; goizean zehar Azoka Zuzena, jolasak eta tradiziozko txapelketak ere egongo dira
Usotegi Eguna Lekeitio / Lekitto Bedarra

Lekeitioko Usotegi eremuak eta herriko kaleek XII. Usotegi Eguna hartuko dute datorren larunbatean, urriak 24. Urtero moduan, Lekitto Bedarra taldeak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean prestatutako jai eta dibulgazio jardunaldi honek tokiko elikadura burujabetza, ingurumenaren zaintza eta herri bizitza uztartuko ditu goiz osoan zehar zabalduko den egitarau baten bidez.

Aurtengo edizioaren hitzordu nagusien artean, ingurumenari eta nekazaritza ekologikoari loturiko hitzaldi teknikoa gailentzen da. Goizeko 12.30ean, Migel Angel Beitia Zeanuriko adituak 'Itsasoko ura, orturako ongarri ezin hobea' izenburupeko saioa eskainiko du. Solasaldian, kostaldean "hain hurbil dauden elementu honek lurra aberasteko, mineralak itzultzeko eta barazkien garapena hobetzeko eskaintzen dituen aukera harrigarriak eta erabilera praktikoak azalduko ditu" nabarmendu dute antolatzaileek.

Baina jai giroa goizeko 09.00etatik aurrera sentituko dira herrian. Ordu horretatik 13.00ak arte, Amoroton kokatzen den Kostabi ekoizlearen barazkien salmenta zuzena egongo da ikusgai eta erosgai. Familia eta txikienentzat ere proposamen bereziak prestatu dituzte: 10.00etatik 11.30era umeentzako txori malua egiteko tailerra eta txapel jaurtiketa lehiaketa egingo dira, eta 11.30ean helduen txanda iritsiko da aitzur jaurtiketa tradizionalarekin.

Jardunaldia borobiltzeko, 13.45ean talde argazkia egingo dute parte-hartzaile guztiek, eta 14.00etan pintxoak banatuko dira Bar Atean, taldeko kide zein jarraitzaileentzat.

Goiz osoan zehar ez da musikarik faltako, eta kalabazaren pisua zein piparren kaixaren kantitatea asmatzeko txapelketa herrikoiak egongo dira aukeran, Usotegi taldearen atate irekien guneari bidea eginez.

Etiquetas
21/10/2026