Gipuzkoa

Lasarte-Oriako Euskararen Maratoia aurkeztuko dute maiatzaren 27an Jalgin

Euskararen erabilera hauspotzeko ekimena urriaren 17an eta 18an ospatuko da aurten
Euskararen Maratoiko aurreko edizio bat. / TTAKUN KULTUR ELKARTEA

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak XI. Euskararen Maratoia ekimenaren lehen aurkezpen publikoa maiatzaren 27an egingo dute, 19.00etan, Jalgi tabernan. Herriko eragile, talde eta herritarren parte-hartzearekin antolatzen den egitasmoa urriaren 17an eta 18an ospatuko da aurten Lasarte-Orian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskararen Maratoia urteetan zehar erreferente bihurtu da Lasarte-Orian, euskararen erabilera sustatzeko eta komunitatea hizkuntzaren inguruan elkartzeko tresna gisa. Festa giroa, parte-hartzea eta herri dinamika uztartzen dituen egitasmoa da, eta kalean, kulturan, aisialdian zein eguneroko harremanetan euskararen presentzia indartzea izan du helburu lehen edizioetatik.

Zortzikoteko kideak ezagutzera emango dira

Aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian maratoiaren lehen xehetasunak emango dituzte ezagutzera. Besteak beste, Zortzikoteko kideak nortzuk izango diren aurkeztuko dute, baita aurtengo leloa eta logotipoa ere. Horrez gain, datozen hilabeteetan egingo diren hainbat jarduera eta dinamika ere iragarriko dituzte antolatzaileek.

Aurkezpen ekitaldiko kartela. N.G.

Lasarte-Oria berriro ere euskaraz bizitzeko eta gozatzeko gune bihurtzea da egitasmoaren asmo nagusietako bat. Horretarako, herritarren inplikazioa ezinbestekotzat jo dute antolatzaileek, eta dei egin diete herritarrei aurkezpen ekitaldira gerturatu eta XI. Euskararen Maratoiarekin bat egin dezaten.

Urte hauetan guztietan, Euskararen Maratoiak ehunka lagun mobilizatu ditu Lasarte-Orian, eta herriko elkarte sarearen eta boluntarioen parte-hartze zabala izan du oinarri. Antolatzaileen esanetan, aurtengo edizioak ere izaera kolektibo horri eutsiko dio, euskararen aldeko “arnasa kolektibo handi bat” berriro ere herrira ekartzeko helburuarekin.

27/05/2026