Zestoako Udalak Larrazken Kulturala egitasmoaren barruan antolatutako jardueren berri eman zuen ostiralean udal liburutegian.
Musika eta natura
Egitaraua azaroaren 22an abiatuko da, Aizarnako elizan.
Mikel Ansola Garitagoitia organo-jotzaileak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak eskainiko dute XXXVII. Gipuzkoako Organoak Zikloaren barruan antolatutako kontzertua.
12:00etan hasiko da emanaldia, organoen berreskurapenean espezializatutako Fray Joseph Echeverria elkarteari esker antolatu dena.
Azaroaren 24an, berriz, “Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian” liburuaren aurkezpena egingo dute Alonderon, 18:30ean.
Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzitako lana Dani Blancoren argazkiekin osatuta dago.
Historia
Bi egun geroago, azaroaren 26an, Zestoako ondare paleontologiko eta arkeologikoari buruzko hitzaldia eskainiko dute Martin Arriolabengoa Zubizarretak eta Ane Corral Cobosek, Alonderon, 18:30ean.
“Hezurretatik harago: Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoei begirada geologikoa” izango da saioaren izenburua.
Bestalde, azaroaren 29an, 11:00etatik 15:00etara, arkeologia erakusketa izango da ikusgai udaletxeko sotoan, Antxieta Arkeologia Taldearen eskutik.
"Euskaraz ganoraz"
Abenduko egitarauari dagokionez, hilaren 3an, 10ean eta 17an, “Euskaraz ganoraz” ikastaroa emango du Xabier Euzkitzek udal liburutegian, 18:30ean.
Saioak doakoak izango dira, baina aurrez eman beharko da izena, kultura@zestoa.eus helbidera idatzita edo udaletxera joanda.
Zigor destakamenduak Arroan
Abenduaren 9an, Zoihartze Osak (Aranzadi Zientzia Elkartea) hitzaldia eskainiko du Arroako zigor-destakamenduei buruz. 18:30ean izango da, Elkargunean (Arroabea).
Ikerketek frogatu dutenez, zigor.-destakamendu horietan presoek esklabo gisa lan egitera behartuak izan ziren Arroako zementu-fabrikan.
"Lo que el viento se llevó" eta Zestoa
Abenduaren 16an, Karlos Almorzaren eskutik, Europako iheslariak Zestoan konfinatuta egon zireneko historia ezagutzeko aukera izango da, 18:30ean, Alonderon.
Frankismoak Europako gerratik ihesi zetozen hainbat pertsona Zestoan atxiki zituen, garai hartan herrian 14 hotel zeudela aprobetxatuz.
Konfinatuetako bat Leslie Howard aktorea izan zen, “Lo que el viento se llevó” filmeko protagonistetako bat.
Zestoatik alde egin ondoren, Portugalera joan zen beste iheslari batzuekin batera, baina Ingalaterrara bidean zihoala, hegazkina Bizkaiko golkoan eraitsi zuten.
Zestoan konfinatuak izen zirenei buruzko erakusketa ere izango da ikusgai Alonderon, abenduaren 16tik 18ra.
Xalbador gogoan
Abenduaren 18an, udaletxeko areto nagusian, batzar aretoko bankuen zaharberritzeari eta lan horren inguruko ikerketei buruzko hitzaldi-solasaldia egingo dute.
Hurrengo egunean, 12:00etan, Amaia Aristik idatzitako “Zubizarreta ahizpak memoriaren kalejiran” liburua aurkeztuko dute udal liburutegian, eta abenduaren 22an, Endoiako tabernan, bertso zaharren errezitaldia eta afaria egingo dituzte Xalbadorren heriotzaren urteurrenaren harira. Unai eta Eñaut Agirre bertsolariak arituko dira.
Afarirako izen-emateak 20 euroko kostua izango du, eta 40 lagunentzako lekua egongo da.