Gipuzkoa

Kukai dantza taldearen ikuskizunarekin hasiko da Legazpiko Uztakale programa

Asteazkenean izango da, 19.00etan, plazan
Kukai taldearen 'Kale hizketak' ikuskizuna. / Kukai

Urteroko moduan, Legazpiko Udalak kultur egitarau berezia antolatu du uztailerako. Uztakale programa asteazkenean hasiko da, Kukai dantza taldeak Euskal Herria plazan egingo duen ikuskizunarekin. Kale hizketak ikuskizuna 19.00etan hasiko da.

Ostiralean, 19.00etan, Isuok eta Bargik kontzertua egingo dute Brinkolako Ergoena parkean. Kontzertua Brinkolako auzo elkarteak sustatu du. 22.30ean, berriz, Ikatza argazkilari elkarteko kideek ikus-entzunezkoa eskainiko dute Azoka gunean. Naturako argazkiak erakutsiko dituzte, besteak beste.

Datorren asterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. Astelehenean, 17.30etik 19.00etara, 4 eta 11 urte arteko haurrentzako jolasak eta tailerrak izango dira plazan. 19.00etan apar festa egingo dute toki berean. Asteartean, 19.30ean, Wonka pelikula emango dute plazan.

Asteazkenean, 19.00etan, Bea Larrañagak kale antzerkia egingo du Laubide kalean (euria egiten badu, azokan). Hausturak lana antzeztuko du. Ostegunean, ordu berean erdiguneko kaleetan, bertso poteoa egingo dute Aitor Sarriegi, Eneko Araiztegi eta Ane Beloki bertsolariekin.

Uztailaren 13rako ere haurrentzako ekitaldiak antolatu dituzte: ur jolas parkea, hondarrezko eskultura tailerra eta apar festa izango dira, 17.00etatik 20.00etara, plazan. Hilaren 14ean kale antzerkia izango da toki berean. Zirkotxosko taldeak Oh-pera lana antzeztuko du, 19.00etan. Hilaren 15ean, 19.30ean, Migrazioa: bide ahaztezina pelikula emango dute Laubiden. Euria egiten badu, emanaldia azokan izango da.

Hilaren 16an Jokin Lasak, Kaki Arkarazok eta Pello Ramirezek Aberriak eta atzerriak kontzertua egingo dute Agirre Etxeberri parkean. Eguraldi txarra egiten badu Latxartegi aretoan izango da. 19.00etan hasiko da.

Hilaren 17an Ikatza elkartekoek ikus-entzunezkoa egingo dute. Bidaietan egindako argazkiak erakutsiko dituzte, besteak beste. Emanaldia azokan izango da, 22.30ean. Aste horretako ekitaldiekin bukatzeko, hllaren 18an Rogelio Botanzek eta Percuteras de Garaldea taldeak kontzertua egingo dute. Gainera, Alaitasuna errondailak Botanzen aita omenduko du. Kontzertua 12.00etan izangoda, plazan.

Azken ekitaldiak hllaren 20an hasiko den astean izango dira. Hilaren 20an, 17.00etatik 19.00etara, haurrentzako jolas parkea izango da Laubiden. 19.00etan apar festa egingo dute toki berean (eguraldi txarrarekin azokan). Hilaren 22an Trapu Zaharra taldeak Azkena eta bagoaz lana antzeztuko du Laubiden (eguraldi txarrarekin, azokan). Antzerki saioa 19.00etan hasiko da. Bukatzeko, hilaren 23an Txaston Dixie Banda taldeak erdiguneko kaleetan joko du (eguraldi txarrarekin, azokan). Kontzertua 19.00etan hasiko da.

30/06/2026