Actualizado hace 2 minutos
Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak nazioarteko proiekzioa duen musika proposamen lirikoa antolatu du Bizan sarearen programazioaren barruan, herritar guztiei irekia. Estibaliz Martyn sopranoak eta Sergio Kuhlmann pianistak 'Donde nace la voz' izenburuko kontzertua emango dute urriaren 29an Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko Isaac Albeniz areto nagusian.
Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok kultura herritarrengana hurbiltzearen eta adinekoek parte hartzeko aukerak zabaltzearen garrantzia azpimarratu du: "Bizan kalitatezko kultur proposamenetara sartzeko atea ere izatea nahi dugu, zaletasun berriak sortu eta topaguneak eratu ditzaten. Musikak hunkitu egiten gaitu, konektatu egiten gaitu eta adin desberdinetako pertsonen artean esperientziak partekatzeko aukera ematen digu".
Bada, ahotsaren eta pianoaren bidez, hainbat garai, estilo eta emoziotan barrena ibilbidea egitea proposatuko du kontzertuak. Errepertorioan, opera aria handiak, zarzuela, antzerki musikala eta soinu banda ezagunak uztartuko dira, eta hari bati esker, piezak elkarri lotuko zaizkio ikuskizun dinamikoan.
Jantzi aldaketak eta ikus-entzunezko baliabideak erabiliko dira, publikoari musika lengoaia desberdinak hurbiltzeko. Proposamenak musika adin guztietako publikoak hunkitzeko gai den lengoaia unibertsal gisa aldarrikatuko du.
Estibaliz Martyn abeslari eta aktore espainiarrak nazioarteko ibilbide sendoa du antzoki, auditorium eta jaialdietan, bai opera ekoizpenetan, bai ekoizpen sinfoniko eta eszenikoetan. Ondoan Sergio Kuhlmann izango du, pianista, zuzendari, konpositore eta moldatzaile brasildarra, hamabi urtez operako maisu gisa lan egin eta Goias Estatuko Orkestra Filarmonikoa zuzendu zuena.
Kontzertua Bizan sarearen esku hartze komunitarioko programaren parte da, eta zentro horietako kultur eskaintza zabaltzea eta musikarekiko eta kantuarekiko zaletasuna sustatzea du helburu. Ekimenak, gainera, herritar guztien artean Bizanen jarduera ikusarazten eta adinekoen partaidetza soziala indartzen laguntzen du. Sarrerak oraindik eskuragarri daude Bizan zentroetan 3 euroren truke.