San Juanak pasatu ondoren Berriatuko San Pedro jaiek indartsu jarraituko dute asteburu honetan.
Horrela, ekainaren 27an,larunbatean, kirolak eta herri giroak hartuko dute plaza, 09.30ean hasiko den triatloi herrikoiari esker. Ondoren, herritarrek sukaldaritzako trebezia erakusteko aukera izango dute 14.30ean ospatuko den entsalada eta tortilla lehiaketan. Arratsaldean, berriz, bola joko txapelketak eta Kaletrik taldearen musika emanaldiak girotuko dituzte herriko txokoak.
Hurrengo egunetan ere ekintzek ez dute etenik izango. Hain zuzen ere, igande arratsaldean 'Zerbait sartu zait begian' antzezlana taularatuko da bideogelan. Eta astelehenean, San Pedro egunez, tradizioak eta herri kirolak bat egingo dute. Eguerdiko mezaren ostean, Open Bizkaia esku pilota partidak jokatuko dira kanpoko frontoian.
Halaber, asteartean, San Pedro txiki egunean, umeen parkea, apar festa eta txokolate jatea izango dira protagonistak. Jaiak borobiltzeko, zesta puntako Jai Alai League B txapelketako partidak jokatuko dira uztailaren 5ean eta 12an Mendibarren frontoian.