Actualizado hace 8 minutos
Urola Garaiko ikastetxeetako ikasleak hainbat egitasmotan parte hartzen ari dira: Joxe Mari Iparragirre institutukoek Gerrako umeak lana antzeztuko dute, Urretxu-Zumarraga ikastolakoek Katxalin elkartearekin lan egin dute eta eskualdeko ikastetxeek Klima Tour azoka egin dute.
Joxe Mari Iparragirre institutuko 4.DBHko ikasleek Gerrako umeak. Ezer ez delako amaitzen antzezlana egin dute, Euskal Herriko beste hainbat institututako ikasleekin elkarlanean. Barakaldon, Durangon, Gasteizen, Donostian eta Gernikan emanaldiak egin dituzte. Gernikako emanaldian, gerrako umeak izandako herritarrak omendu zituzten, gainera.
Ikuskizunaren arrakasta ikusirik, Iparragirre institutuko ikasleek Urretxun ere antzerki saioa egitea erabaki dute. Horretarako, beste ikastetxeekin landutakoa moldatu dute, formatu laburragoan eskaintzeko. Emanaldia ekainaren 11n izango da, 10.30ean, Labeaga aretoan. Saio irekia izango da eta sarrera doakoa.
Egitasmoaren ardatza 1936ko gerra pairatu zuten haurren testigantzak dira. Intxorta elkartearen ekimena izan da: gerra garaian ume ziren hainbat euskal herritarren testigantzak bildu eta antzerki, dantza eta musikaren bitartez taula gainera eraman dituzte. Gainera, gaurkotasuneko gaiekin lotu dituzte.
Gerren ondorioak haurren bizipenetatik ezagutzea, memoria historikoa lantzea eta enpatia, giza eskubideak eta bakearen balioak sustatzea izan dira helburu nagusiak.
Urretxu-Zumarraga ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, berriz, proiektu bat garatu dute Katxalin elkartearekin, bularrezko minbizia dutenei laguntzeko. Hasteko, bularreko minbiziari buruzko hitzaldi batean parte hartu zuten eta galderak egiteko aukera izan zuten. Ondoren, oihalezko bihotzak josi zituzten, giltzatakoetan jartzeko. Horretaz gain, ipuin ilustratu bat egin zuten irakasleen laguntzarekin. Bertan, minbizia zer den azaltzen dute. Orri-markatzaileak ere egin dituzte. Bertan, gaixoei animatzeko mezuak idatzi dituzte. Orri-markatzaileak Katxalineko emakumeek egindako bihotz formako kuxinekin entregatu dituzte Donostiako ospitalean. Ikasleek egindako gainontzeko lanak ere bertan entregatu dituzte, gaixoentzat. Katxalinek eskerrak eman dizkie ikasleei eta irakasleei, beraien konpromiso, sentsibilitate eta elkartasunagatik.
Goierri garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten ikastetxeek, berriz, klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte Klima Tour azokan. Kontzientziazioa handitzea eta babesleku klimatikoen garrantzia ezagutaraztea izan da helburua.
Iaz egindako diagnostikoan herritarrek babesleku klimatikoei buruzko informazio handiagoa behar zutela ondorioztatu zuten. Hori dela eta, ikastetxeek hainbat jarduera garatu dituzte, garapen agentziaren koordinazioarekin eta udalen laguntzarekin.
Azokak herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat elementu izan ditu. Horien artean, Itzalkideak: aterki zuriak eraman dituzten laguntzaileak, herritarrak azokara hurbildu eta informazioa jasotzera gonbidatu dituztenak. Gainera, galdetegi labur bat erantzun dutenek sari bat jasotzeko aukera izan dute, bero boladen aurrean ondo hidratatu ahal izateko. Ikasleen lanekin batera, bisitariek Klima aldaketa eta egokitzapena erakusketa ikusi dute.