Gipuzkoa

Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak 'Trajea' antzeztuko dute ostiralean Zumarragan

Antzerki saioa 20.15ean izango da, Zelai Arizti aretoan
Apaolaza eta Hormaza.
Apaolaza eta Hormaza. / Txalo

Actualizado hace 9 minutos

Ostiralean, 20.30ean, Txalo taldeak Trajea lana taularatuko du Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Antzezlan horretako bi aktoreak Joseba Apaolaza urretxuarra eta Asier Hormaza getxotarra dira.

Hiriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehen eguna da. Jendea tropelean sartu da eta istripu bat izan da. Eraikinaren erraietan, segurtasun zaintzaile batek (Apaolaza) negozio gizon bat (Hormaza) galdekatu du, jantzi bat erostera etorri delako eta gertakariekin zerikusia izan duelako. Baina zein dira egitateak zehazki? Eta zer arrisku dakarkie bi pertsona horiei?

Ostiraleko antzerki saioa Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute, 2026ko ikuskizun eszenikoen programazioaren barne. Aurten helduentzako eta haurrentzako ikuskizun bana gehiago antolatu dute, Antzoki Sareak zirku eta dantza ikuskizunak ere antolatzea eskatu duela eta. Hala, orain arte ez bezala, lehen saioa urtarrilean izan da.

Helduentzako programazioari dagokionez, hamar ikuskizun programatu dituzte. Urtarrilaren 16an Osa+Mujika taldeak Lana antzeztu zuen, otsailaren 6an Perigallo taldeak Por voluntad propia eta martxoaren 6an Hika taldeak Zorretan.

Maiatzaren 8an Tanttaka taldeak Sabes que las flores de plastico nunca han vivido, ¿verdad? lana antzeztuko du. Protagonistak depresioa duen emakume bat, desgaitasun intelektuala duen gazte bat eta garun paralisia duen gizon bat dira. Ekainaren 5ean Jon Ander Urrestik Kolapsoa antzeztuko du. Turbokapitalismoaren aurkako lana da eta zer behar duen galdetzera gonbidatzen du ikuslea.

Irailaren 4an Circo Flamenco taldeak zirku, flamenko eta umore ikuskizuna eskainiko du. Urriaren 2an Mikel Azpirozek Pake Pieza diskoa aurkeztuko du. Azaroaren 6an Sutottos taldeak Feliz dia antzeztuko du. Zoriontsu izan beharraren ondorioez hausnartuko dute. Bukatzeko, abenduaren 4an Tartean taldeak Kandida lana antzeztuko du. Idazle batek etxegabetze bati buruz idatzi du eta etxegabetze hori pairatu zuenak, liburuko protagonistak egin duen bezala, bere etxean hartzeko eskatuko dio.

Saio guztiak 20.15ean izango dira, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Sarreraren prezioa 10 eurokoa da. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro ordainduko dute eta 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute 19.45etik aurrera. Sarrerak leihatilan, online eta makinan egongo dira eskuragarri.

Haurrentzako programazioari dagokionez, zortzi ikuskizun antolatu dituzte. Urtarrilaren 26an Gorakada taldeak Moko antzeztu zuen, otsailaren 22an Glu-Gluk Erbia eta dordoka eta martxoaren 28an Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Zerua lapurtu dute!

Apirilaren 26an Baal-ek Espazioko bidaiariak antzeztuko du, urriaren 4an Galitoon-ek The show moscon, azaroaren 1ean Markeliñek Hodei guztien gainetik, azaroaren 29an La enara naranjak Zimurren artean eta abenduaren 20an Teatrapok La premiere.

Emanaldi guztiak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira 17.00etan. Sarrerek 5 euro balio dute. Egunean bertan salduko dira, leihatilan, 16.00etatik 17.00etara.

2026-04-07T17:22:39+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo