Actualizado hace 6 minutos
Datorren irailaren 19an, Durangaldeko eta Euskal Herriko bertsolaritzak Juan Mari Areitiori bere esker ona adieraziko dio ‘Basamakatzak urdinsagarrari: Areitiori esker onez’ deituriko ekitaldian. Iurretan izango da, herriko plazan, 12.30etik aurrera.
Gonbidatu bereziak izango dira bertan Juan Marirekin batera, bertsolaritzaren munduan egindako lagun zahar eta berrietatik hasi, eta bertsolari estimatuetaraino: Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Alaitz Areitio. Durangaldeko Bertso Eskolak antolaturik eta Iurretako Kofradien laguntzarekin, bertsoak eta musika ez dira faltako. Gorka Valdes eta Hektor Folk izango dira bertan giroa alaitzeko.
Ez da omenaldi bat izango, bere lana eta bertsolaritzan egindako ibilbidea aitortzeko eta eskertzeko ekitaldi bat baizik. “Badaude gizarteagatik gauza iraultzaile edo berriak egiteagatik omentzen dituzten pertsonak, jaioterritik hasi eta eragin duten espaziorik handienetaraino. Eta badaude, inguruan iraultzarik edo berritasunik eragin ez, baina inguruan maitatuak eta ezinbestekoak diren pertsonak. Gure albotik umil eta zarata handirik egin barik igaro, baina bihotzeraino iristen zaizkigun pertsonak. Eta horietako bat da Juan Mari Areitio Elkoro”, azaldu dute antolatzaileek.
Nondik dator ‘Basamakatzak urdinsagarrari’ ekitaldiaren izena? Horretarako, Areitioren bizitza ezagutu behar da. Juan Mari Areitio Elkoro Abadiñoko Gaztelu auzoan jaio zen, Burgizar baserrian, 1945eko maiatzaren 6an. Hargatik izan zuen ‘Gaztelu’ deitura bertsotan hasi zenean. Perretxikotan ibili zalea umetatik, bere haurtzaroa ganaduaren eta baserriaren artean eman zuen, ia berea bihurtuz naturaren egunerokotasuna. Baina 13-14 urte zituela, mutil batzuk bertsotan entzun zituen, eta horrek esnatu zion barruko harra, bertsotan egiteko harra.
Lehen plaza 1963an
Lehen plaza 1963an izan zuen, Abadiñoko Mendiola auzoan Juan ‘Kapela’, Igarzabal eta ‘Xepai’ lagun zituela. Harrezkero ehunka saio izan zituen, eta sariketetan zein txapelketetan ere aritu zen. Errigoitik zein Elgoibarren sarri ibilitakoa da, urte luzez. Leku askotara musu-truk joaten zen, baina berak esana du: “Ondo kobratuta bere asko egin ditut, eta debalde egindakoen damurik ez daukat, eginaren poza bai”.
Lehen txapelketa 1982an izan zuen, Euskal Herrikoa. Atzetik Araba eta Bizkaiko txapelketak ere etorri ziren, emaitza politak lortuta. Emaitzarik onenak: Sei 1992an eta zazpi 1987an. Lau Txapelketa Nagusitan parte hartu zuen, eta bere bertsorik gogoratuenetariko bat 1989koan abestu zuen.
Lagun artean bertsotan egiteari utzi ez bazion ere, urte batzuk igaro behar izan ziren jende aurrean berriz abesten ikusteko. Durangaldeko Kopla Txapelketan 2013an, edota Bizkaiko Taldekako Txapelketan 2017an zein 2019an. “Ezin zitzaion urdinsagarrik eskatu, baina Areitiok eman dio Durangaldeari eta Euskal Herriari berea, eta horrexegatik egin gura die Durangaldeko Bertso Eskolak zein Euskal Herriko txoko askotan dituen lagunek esker oneko ekitaldi hau”, gaineratu dute datorren irailaren 19an Iurretako plazan ekitaldiko antolatzaileek.