Indesa enplegu zentro bereziak hautaketa prozesu bat jarri du martxan 80 pertsona kontratatzeko, sukalde, garbitegi eta garbiketa arloak indartzeko udako kanpainan, ekainetik irailera, biak barne. Indesak Gasteizen, Laudion, Oionen, Amurrion eta Agurainen kudeatzen dituen zentro eta zerbitzuetako behargin lanpostuak betetzeko egingo dira kontratazioak.
Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, enplegu zentro berezia denez, desgaitasuna duten pertsonei emango zaie lehentasuna kontratatzean, Indesak dibertsitate funtzionala duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa emateko helburua baitu, pertsona horien erabateko laneratzea eta gizarteratzea ahalbidetzeko. Nolanahi ere, desgaitasunik ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta desgaitasuna duten pertsonek lanpostu guztiak betetzen ez badituzte.
Indesa irabazi asmorik gabeko sozietate bat da; Arabako Foru Aldundiak du partaidetza handiena eta lurraldeko beste zenbait administrazio publikok eta Eusko Jaurlaritzak ere dute partaidetza. Mila pertsonatik gora daude plantillan, eta horietatik %90 desgaitasuna duten pertsonak dira. Hori dela eta, Indesa "Arabako erreferentziazko enplegu zentro berezia da, eta lurraldean era horretako enplegua sortzen duen entitate nagusietako bat".
Zenbait zerbitzu eta industria ekimenen bidez gauzatzen du jarduera, besteak beste, gizarte etxeen garbiketa, ospitaletako garbitegiak, egoitzetako sukaldeak, lorezaintza, dokumentuen kudeaketa, Forondako aireportuko kafetegia, industriarako tailer osagarriak eta administrazio publikoei zein enpresa pribatuei zerbitzuak ematea.
Enpresaren eredua prestakuntza eta laguntza ematean eta ibilbide pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da, pertsona bakoitzak garapen profesionala izan dezan eta komunitatean bete-betean parte hartu ahal izan dezan.
Udako kanpainako lanpostu horietakoren bat lortu nahi dutenek curriculum vitaea bidal dezakete Indesa2010.portaldeempleo@araba.eus helbide elektronikora.