Gipuzkoa

Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo dute igandean Urretxu eta Zumarragan

Mendizaleak 7.00ak eta 7.30ak artean abiatuko dira,Areizaga-Kalebarren plazatik
Mendizaleak, helmugan.
Mendizaleak, helmugan. / Asier Zaldua

Actualizado hace 1 minuto

Iñaki Beitia mendi martxaren 28. edizioa igande honetan ospatuko da, Urretxu eta Zumarragan. Urtero bezala, izen-ematea Legazpi, Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eta Ostadar mendi elkartean (Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean) egin ahal da, 10 euroko prezioan. Martxaren egunean bertan, berriz, 12 euro ordaindu beharko da. Kiroldegietan izena emateko azken eguna ostirala izango da. Online bidezko izen-ematea ere ostiralean itxiko da. Online izena emateko, ostadar.org webgunera jo behar da.

Horren harira, antolakuntzak, parte hartzaileei lana errazteko asmoz, herritarrak aurrez izena ematera animatu nahi ditu, martxaren egunean izena ematean sor daitezkeen ilarak saihesteko.

Mendizaleak 7.00ak 7.30ak artean abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik. Ibilbideak 30 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela du.

Plazatik Zumarraga aldera joko dute. Eitzagatik Antiora joango dira eta handik Izazpira. Ondoren, Pagotxoeta, Samiño, Oñamendi, Aizpurutxo, Trekutz eta Irimotik pasako dira.

Anoa postuak Pagotxoetan, Aizpurutxon, Trekutzen eta helmugan izango dira. Kontrol postuak, berriz, irteeran, Izazpin, Samiñon, Aizpurutxon, Irimon eta helmugan.

Urretxu eta Zumarragako udalen kolaborazioarekin, kanpotik datozenek Beitia mendi martxarentzako espresuki jarritako aparkaleku bereziak izango dituzte: bat Urretxuko lizeoko patioan (irteeratik oso hurbil) eta bestea Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan (irteeratik 5 minutura, oinez).

Bestalde, mendizaleek sare sozialetan eta beitia.org webgunean informazio guztia eskuragarri dute.

Azkenik, Beitia martxako antolakuntzak beraien edalontzia eramateko eskatu die parte hartzaileei. Izan ere, horrela plastiko eta hondakin gutxiago sortuko dira, eta natura hobeto zaintzen lagunduko dute.

2026-05-25T15:31:49+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo